GARA Euskal Herriko egunkaria

Txillardegik oraindik ez du liburutegirik, hil eta 11 urtera

Jose Luis Alvarez oroitu eta Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jartzeko aldarriarekin jarraitu zuten ekitaldian.

Txillardegiren omenezko ekitaldia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Atzo egin zen Antiguan, Txillardegi hil eta hamaika urtera, urteroko ekitaldia, Gaskoinia plazako bere muralaren aurrean. Atzoko ekitaldiaren «beharrik» ez zutela izango uste zuten iaz; hori aitortu zuten ekitaldi hasieran Txillardegi Udał Liburutegia ekimeneko kideek. Izan ere, Donostiako Udaleko alderdi eta eragile guztiekin elkartu dira, baita kultura munduko jendearekin ere, eskakizun zehatz batekin: Donostiako Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzea. Baina ezezkoa izan da Udalaren erantzuna.

Fito Rodriguez idazleak hartu zuen hitza, Txillardegi Udał Liburutegia herri egitasmoaren izenean. Txillardegiren bizitzaren errepasoa egin zuen, eta «bere herrian ezkutatu nahi dutena ikusarazteko» plazan zehar QR kodeak jarri dituzte; erabiltzailea Txillardegiren bizitza eta ibilbidea azaltzen dituen webgunera bideratzen dute kodeek. 17 hizkuntzatan dago informazioa, «memoria historikotik eta gure paisaia linguistikotik» ezabatua izan ez dadin, adierazi zuen Rodriguezek.

Plaka berria

Iragan urteko ekitaldian Gaskoinia plazan «Txillardegiren plaza» zioen plaka jarri zuten, baina aurtengo ekitaldia baino lehen «desagertu» egin zen. Horregatik, plaka berria jarri zuten, eta plazako lorategian lau txilar berri landatu zituzten. Plazaren eskuinaldean Udal Liburutegiari izena aldatzeko sinadura bilketa egon zen, baita informazioa ere.

Musikak eta kantuak ezin zuen hutsik egin Txillardegiren ekitaldian eta kantuan eta dantzan eman zioten amaiera.