GARA Euskal Herriko egunkaria

Lo-orduak


Parisen, Louise Michel kultur espazioan entzun nion Lucio Urtubiari bere izena lehen aldiz, Adolfo Kaminsky, bera zela nortasun agiri faltsu onenak egiten zituena. Noizbait elkarrizketa bat egin behar niola eta, kaierean apuntatu nuen, baina urteak pasa badira ere geroztik, hau da, sobera denbora ukan dut egiteko, Parisen hil da 97 urterekin. Biharko utzi eta biharko utzi, eta azkenean gaur da inoiz ez duzula egingo ohartzen zaren eguna.

Ezinezkoa dut, bestalde, hemen bere berri idaztea, horretarako hitzak liburu bihurtu behar bailuke, pluralean. Baina hor duzu gonbita gizon honi buruz ikertzeko, milaka pertsona salbatu zituelako Bigarren Mundu Gerran, faxismoari aitzin eginda erresistentziaren alde jardun zelako, mundu ilun hau argiago egin zuelako.

Bere alabak, Sarah Kaminskyk, aita kale-hezitzailea zela uste zuen, eta ustekabe bat izan zen berarentzat jakitea 30 urte baino gehiago pasa zituela aitak agiri faltsuak egiten.

Idazlea da bera, kazetaria, eta aitari buruz idatzi zuen esaldi batek agertu zidan hura nolakoa zen: «Juduen aurkako sarekadak hasi zituztenean, aitak hiru egun pasa zituen lorik egin gabe. Ordubetean 30 agiri faltsu egin zitzakeen eta horrek esan nahi zuen lo egiten bazuen pertsona horien heriotzaren arduran izango zela».

Kontzientzia lasai dugula lotara amultsuki joaten garen gizarte honentzat, halakoen eredua hilezkor bilakatu behar delakoan nago.