GARA Euskal Herriko egunkaria

Miro, Picasso eta zenbait aktibista Guggenheimeneko hormetan

Joan Miro eta Pablo Picasso interes handia pizten duten egileak dira, ikusleak erakartzeko aproposak; are gehiago, aurten, Picasso hil zeneko 50. urteurrena betetzen baita. Bi izen horiek dira Bilboko Guggenheimek aurtengo prestatu duen egitarauaren ardatza, isilarazitako beste egile batzuekin batera; izan ere, aurten Yayoi Kuama bezalako emakume apurtzaileen eta Oskar Kokoschka aktibistaren lanak ezagutu ahal izango ditugu.

Juan Ignacio Vidarte eta erakusketako komisarioak, atzean urteko plangintza dutela. (Aritz LOIOLA FOKU)

Iaz, hain justu 25 urte bete zituen urtean, Bilboko Guggenheimek bere historiako hirugarren urterik onena izan zuen: 1.289.147 bisitari jaso zituen museoak. Halere, ez omen da nahikoa, museoko zuzendari Juan Ignacio Vidartek atzo aitortu zuenez, pandemiaren aurreko egoerara itzultzea baitu xede Bilboko erakustokiak. Urteurreneko ospakizunen ostean, espero zitekeen bestondo antzeko baten eraginpean aurkituko genuela museoa, baina ez dago horretarako betarik.

Asteburu honetan bertan bukatuko da “Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak”, museoaren funtsak ikusgai jarri dituen erakusketa. Ondoren, eta urteko sasoiei lotuta, horrela banatuko du 2023a Guggenheimek; neguan Joan Mirok Parisen kokatutako abangoardiekin eman zituen «urte eferbeszenteenei» buruzko erakusketa zabalduko da (“Joan Miro. Errealitate absolutua. Paris, 1920-1945”, otsailaren 10etik maiatzaren 25era); udaberrian, Oskar Kokoschka austriarraren atzerabegirakoa (martxoaren 17tik irailaren 3ra), Lynette Yiadom-Boakye britainiar idazle eta artistaren erretratuak (martxoaren 31tik irailaren 10era) eta Yayoi Kusama (ekainaren 27tik urriaren 8ra) japoniar artista ikonikoak erakutsiko duen lagina.

Udazkenarekin, Picasso hil zeneko 50. urteurrenarekin bat, bigarren solairu osoa hartuko du “Picasso. Materia eta gorputza” erakusketak (irailaren 29tik 2024ko urtarrilaren 14ra). Malagako Picasso museoarekin batera prestatutako proposamen honetan eskulturak baino ez dira erakutsiko. Udazkenean ere Marine Hugonnier frantziarrak berotze globalaren inguruan eginiko hausnarketa iritsiko da (urriaren 27tik urtarrilaren 21era; udako unibertsitateko ikastaro bati lotuta egongo da) eta, gero, Mexiko eta New Yorketik pasatu ondoren, Gego edo Gedtrud Coldschmidt aleman-venezuelarraren lana berreskuratuko da (azaroaren 3tik 2024ko otsailaren 4ra).

Ezagutu beharrekoak, isilarazitakoak

Oskar Kokoschkari (1886-1980), Vienako modernismoaren aitatzat hartzen den artista austriarrari, Estatuan eskainitako lehen atzerabegirako handia hartuko du Bilboko museoak. Parisko Arte Modernoko Museotik dator. Bi mundu gerren ondorioak pairatu zituen Kokoschkak: lehenengoan soldadu egon zen; bigarrenean, erbesterako bidea hartu behar izan zuen nazien iritsierarekin. Artista errebeldea, “basatitzat” ere jo izan zuten, pintura tresna iraultzailetzat zuen. Artisten konpromiso politikoa defendatzen zuen, artea politikoa zen erabat berarentzat, bere ustez kontzientziak piztea baitzen artearen eginbeharra.

Kontuan hartzeko beste izen bat: Yayi Kusama japoniarrak ia 94 urte ditu, artista eta idazlea da, eta XX. mendeko abangoardiaren mundu mailako ikono bihurtu da. Hori bai, 1990eko hamarkadara arte ezezaguna izan zen erabat. Azken zazpi hamarkadetan, sendotasunez jorratzen jarraitu du bere ikuspegi abangoardista, estetika pertsonal berezia eta bizitzaren filosofia nagusia. Artista horren lanak mugarik gabeko espazioekin eta birsorkuntzaren ziklo naturalei buruzko hausnarketekin liluratuko ditu museoa bisitatzen dutenak. Azken hamarkadan Estatuan izan duen atzerabegirakorik handiena izango da, 200 bat obraz osatua.