GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Zuazo taldeak salatu du azken bi sasoietako soldatak zor dizkiola klubak

Barakaldoko taldeak ohar bat kaleratu du, jokalariek eta talde teknikoko kideek egun bizi duten egoera «larria» salatzeko. «Berehalako eta taxuzko» irtenbide bat aurki dezala eskatu diote klubari. Besteak beste, kirol material eskasa dutela diote.

Zuazoko jokalariak iragan asteburuan Bera Beraren aurka jokatutako derbian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zuazo Eskubaloi Klubeko Ohorezko Mailako taldeak atzo kaleratutako ohar batean adierazi zuen klubak azken bi denboraldietako soldatak zor dizkiela jokalariei eta talde teknikoko kideei. «Klubeko lehen taldeko jokalariok eta talde teknikoak egun bizi dugun egoera larria salatu nahi dugu, klubeko partaide guztiontzat berehalakoa eta taxuzkoa den irtenbide bat aurkitu ahal izateko», aldarrikatu zuten Zuazoko jokalariek eta talde teknikoko kideek.

Soldata ez ezik, beren jardunean beste zenbait baliabideren falta ere sumatzen dute; besteak beste, kirol materialaren eskasian eta entrenamenduetara joateak sortzen dituen gastuei aurre egitean. Are gehiago, nabarmendu zuten egoera «larriagoa» dela etxetik kanpo bizi diren jokalarien kasuan: «Maiz, familiako kideei eta gainerako jokalariei dirua eskatu behar izaten diegu, edota bizimodua bera egokitu behar dugu, oinarrizko beharrei aurre egin ahal izateko».

Jokalariak jakitun dira arazo horiek, hein handi batean, klubaren zorpetzeagatik direla, dirulaguntza publikoen atzerapenak eta inbertsio publikoak lortzeko ezintasunak eraginda. Hala eta guztiz ere, jokalarien ustez, «ez da zilegi» eurei eragitea klubak dituen finantzaketa arazoek.

Gainera, jokalariek adierazi dute klubeko zuzendaritza-batzordearekin beren kezkak partekatzeaz gain, bestelako irtenbideak aurkitzeko prestasuna agertu dutela: «Klubak itxaron genezala eskatu zigun, baina egoera muturrekoa izatera iritsi da. Egiatan, alderdi ekonomikoari dagokionez, datorkigun informazioa nahasgarria da; berebiziko estresa eta ziurgabetasuna sortzen du horrek, eta aldi berean, entrenatzea, lehiatzea eta gure helburuetan zentratuta egotea zailtzen du».

Zuazo taldeak «erabateko konpromisoa» du klubarekin, eta entrenatzen jarraitzen dutela azpimarratu zuten, jokalariek eta talde teknikoak osatzen duten «talde-babesari» esker. Aldi berean, adierazi zuten hala jarraituko dutela «ezinezkoa» egiten zaien arte, eta momentu hori iristen denean beharrezkoak diren «neurri zorrotzak» hartu beharko dituztela.