GARA Euskal Herriko egunkaria

Ska eta reggaea gidari, erritmo berriak dakartza La Topadorak «Karma» lanean

La Topadora talde nafarrak bigarren lana aurkeztu du: «Karma». Diskoak dakartzan hamar kantetan nagusi dira ska eta reggae doinuak, baina kunbiari eta elektronikari ere atea ireki diete. Atzo bertan kaleratu zuten diskoko azken abestia eta eskuragarri dago plataforma guztietan. Urtarrilaren 20an Madrilgo Hangar 48 aretoan aurkeztuko dute album berria. Bilboko Zorrotza auzoko gaztetxean joko dute otsailaren 4an, eta Sopelan 18an.

Bigarren lana aurkeztu zuen Bilbon La Topadora taldeak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

La Topadora talde nafarrak bigarren diskoa kaleratu du. “Karma” jarri diote izena, etorriko denaren aieru izango den esperantzaz, Ruben Anton taldeko tronpetistak atzo azaldu zuenez: «Jotzen hasi eta astebetera etorri zen itxialdia. Espero dugu disko honekin zorte hobea izatea».

Hamar kanta sortu dituzte album berrirako, eta lehenbizikoz Enrikko Rubiños bateria jotzailea arduratu da abesti baten letra egiteaz: «Itxialdian sortutako kanta da ‘Inoiz ez’, eta guk jotzeko eta jendeak entzuteko geneukan gogo hori islatzen du». Skalariak eta Vendetta taldeetako kideak dira La Topadorako musikari gehienak, baina jakin badakite ez dagoela nostalgiaren kontura bizitzerik. «Egunetik egunera egin behar dira gauzak», azaldu zuen Luisillo Kalakandra baxu jotzaileak.

Ukaezina da ska eta reggae doinuak direla “Karma” lanaren bizkarrezurra, nahiz eta erritmo desberdin ugari jaso dituzten diskoan, Kalakandrak nabarmendu zuen gisa: «Badago ska 60, ska 70, ska-metal; dena berdina balitz, aspertu egingo ginateke». Kalakandraren hitzetan, nork bere bidea aurkitzeari buruzkoa da diskoa orokorrean, gainerakoak bakean utzi eta norberarenari begiratzearen ingurukoa; bereziki “Busca y destrulle”, «toxikoa den hori bilatu eta paretik kentzeari buruzkoa da».

Diskoko hirugarren kanta da “Vamos primo”, baina argitaratu zuten lehena. Ska erritmoei ukitu elektronikoa emanez, heldutasunaz eta esperientziaz hitz egin dute, Mexikoko Hildakoen Gauaren textuinguruan kokatuta. “Al calo’ zabaldu zuten gero, 60ko hamarkadako ska estiloan. Norbere ingurua eta aldamenekoak zaintzeaz dihardu kantak, eta Swingaraia taldeko Eva Mindik parte hartu du.

Horren ostean plazaratu zuten “Muxu” abestia, euskaraz sortu dituzten bi kantetako bat, Manu Gomez Genuaren letrarekin eta Amets Larrazaren ahotsarekin. “La sombra del ángel caído” tentazioei buruzko abestia da eta erritmo hinduen kutsua dauka. Taldeak lotura dauka Hego Amerikarekin, izenetik hasi (Topadora deitzen diote Argentinan induskatzeko makinari) eta “A toda vela” kantuarekin jarraitu. Pertsonen arteko laguntzari eta bazterkeriarik ezari egindako doinua da, rock kutsua duena.

“Ya ves tú qué tontería” berezia da, Gloria Fuertesen olerki bati musika jarriz sortu baitute, Javiero Etxeberria gitarra jotzaileak azaldu zuenez: «Haren berri bageneukan; sakonago ezagutu genuen neskato batzuek egindako antzerki baten harira, eta pertsonaia interesgarria iruditu zitzaigun».

70eko hamarkadako skari heldu diote “No dejes que lo hagan por ti” kantuan, pandemian bizitakoan oinarritutako letrari doinua jartzeko. “Frenético” izan da atera duten azken kantua, asteazken honetan bertan plazaratu zutena. Brigi Duke abeslari eta gitarra jotzaile nafarrak parte hartu du abestian; ska-metala bada ere, elektronikotik ere badauka zerbait.

Gaizka Otsoa taldeko tronboilariarekin, datorren urtarrilaren 20an daukate hurrengo kontzertua, Madrilgo Hangar 48 aretoan. Bilbon, Zorrotzako gaztetxean arituko dira otsailaren 4an eta 18an Sopelako inauterietan. Martxoaren bukaeran egitekoak diren Iruña Rock jaialdian ere joko dute. Suitzan zenbait aretotan bira egiteko asmoa ere badaukate, martxoan bertan.