GARA Euskal Herriko egunkaria

Baliogabetzeak


Tar” filmaren kontra agertu dira hainbat. Behin emakume bat, lesbiana gainera, bere genero eta sexu norabidekoentzat ia eskuraezina den postuan errepresentatu eta jazartzailearen rolean agertu behar. Ulergarria zait kritika. Lydia Tarrekiko sinpatiarik garatzea ezinezkoa egiten du filmak. Publikoaren aurrean umiltasun faltsua erakusten du (nahiz eta, kritikari batek adierazi bezala, orkestra zuzendariaren rola jokatzen duen Cate Blanchettek ez bezala antzezpenerako dohainik ez duen Tarrek), baina berez depredatzaile bat da eta botere gehiegikeria erakustaldi bakoitzarekin gozatu egiten du.

Eta hala ere kritikaren kontra egiten dut. Nahiko nuke Jacinda Ardernen moduko adibide gehiago baleude politikan, ekonomian, gizartean zein kulturan, eta bai, halako ereduen errepresentazioa sustatu behar da. Baina horrek ez du esan nahi eredu toxikoen azterketa eta kritika baztertu behar denik. Gizonak ala emakumeak izan, Tarren moduko pertsonez beterik daude botere guneak. Todd Field zuzendariak filmaren xedea “cancel culture” edo baliogabetzearen kultura aztertzea dela azaldu du. Filma hasieran ikasle batek dio ez dituela konpositore sexisten eta homofoboen lanak interpretatzen. Tarrek gupidagabeki birrintzen du. Ikusten dugu gaiaren konplexutasuna, ikaslearen argumentuan dauden hutsuneak eta orkestra gidariaren gaiztakeria. Eszena horretatik kanpo, filmak baliogabetzearen kulturaren huts bera egiten du: Tarren moduko depredatzaileak ahalbidetzen dituzten egiturak bere horretan geratzen dira.