GARA Euskal Herriko egunkaria
BINAKAKO TXAPELKETA

Peñak II.ak eta Eskiroz ordezkoak ezustekoa eman dute Etxebarrin

Makirriain-Ezkabarteko atzelaria zen laukoteko berritasun nagusia, eskua minduta duen Jon Mariezkurrenaren ordez jokatu baitzuen, baina nafarrak neurketa bikaina jokatu zuen. Bi puntuko tartea ireki dute zazpigarren postuarekiko.

Iosu Eskiroz zen berrikuntza nagusia Etxebarrin eta atzelari nafarrak partida bikaina jokatu zuen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Peña II.ak eta Eskirozek ezustekoa eman zuten Etxebarriko pilotalekuan Jaka eta Aranguren 15-22 menderatuz. Iosu Eskiroz zen laukoteko berritasun nagusia, eskua minduta duen Jon Mariezkurrenaren ordez jokatu baitzuen, baina Makirriain-Ezkabarteko atzelariak neurketa bikaina jokatu zuen eta merezitako puntua lortu zuten.

Jaka eta Aranguren, aldiz, burua altxatu ezinik dabiltza. Ligaxkako sailkapenean azken postuan egon arren, aukera ona zuten atzokoa bigarren garaipena eskuratu eta kanporaketak jokatzeko borrokan sartzeko, baina Aitor Arangurenek asko sufritu zuen norgehiagokaren bigarren erdian eta zortzigarren porrota jaso zuten.

Dirua gorrien alde ia doblean atera zen arren, hasieratik ikusi zen Eskiroz jokatzeko zegoela eta atzean ez zela alde handirik egongo. Eta aurrean Erik Jaka eta Jon Ander Peñaren artean izan zen joko biziak neurketa parekatua ekarri zuen berarekin. Erremate politak izan ziren tarteka eta huts handi samarrak ere bai beste askotan.

Peñak motz-motzean ateratako sake batekin lortu zuten urdinek lehen abantaila aipagarria (2-5), baina gorriek 4-0eko partzial batekin erantzun zuten, 6-5 aurreratzeko. Tarte horretan deigarria izan zen Peña eta Eskirozen arteko ulermen eza bizpahiru tantotan: 4-5ekoa eta 6-5ekoa horrela iritsi ziren.

Horiek izan ziren gorrien unerik onenak, agian markagailuan aurretik egotean bai ala bai irabazi behar horren presioa gutxiago sumatu zutelako. Erik Jakak tanto on pare bat sinatu zituen, eta Arangurenek berak ere izan zuen aurreko koadroetan luzimendurako tartetxoa 10-9koan, lehenik pilota zaila harrapatuz eta ondoren gantxoa joz.

Baina Arangurenek gora bidali zuen pilota batek ekarri zuen 10-10ekoa, eta hortik aurrera gorriek ez zuten inoiz agindu markagailuan. Izan ere, Jakaren beste bi tantorekin 12-12 berdintzea lortu zuten arren, urdinen 0-4ko partzial batek 12-16 aurreratu zituen Peña eta Eskiroz, tarte handia dema zein parekatua joan zen ikusita.

Jaka eta Aranguren urduri sumatzen ziren, eta Aginagako atzelaria izan zen azken txanpa horretan pott egin zuena. Pilota batzuk zailxeagoak, beste batzuk batere misteriorik gabeak, opari asko egin zituen gipuzkoarrak eta azkenean hamar bat pilota galduta amaitu zuen partida, munduarekin haserre.

«Gaurko puntuak asko balio zuen. Eskerrak eman nahi dizkiot Iosuri, partida bikaina jokatu duelako», eskertu zuen Peñak puntu garrantzitsua eman dien ordezkoaren lana.