GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Infernuko hotzari ihes egin diote Urrutikoetxea eta Albisuk Agoncillon

Denera 16 pilota galduta, zazpi aurrelariak eta bederatzi atzelariak, horietako zortzi eskuinarekin, txapelketan aurrera egiteko zituzten aukera urriak Errioxako herrixka horretan utzi zituzten Jaka eta Arangurenek. Ezkurdia-Martija ere kinka larrian dira.

Ion Ander Albisuk, agintzeaz gain, partida serioa jokatu zuen baldintza nahiko zailetan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Infernutik ia betiko ihes egiteko puntu ezin garrantzitsuagoa eskuratu zuten Urrutikoetxea-Albisuk txapelketari agur esan dioten Jaka-Arangureni Agoncillon 22-13 gailenduta. Normalean infernua su-leize batekin irudikatu ohi dugun arren, hotza, eta ez edonolakoa, izan zen atzoko partida baldintzatu zuena eta bertan izoztuta geratu ziren Gipuzkoako bikotearen esperantzak, lau jardunaldiren faltan horrenbeste puntuko desabantaila pilatu baitute seigarren postuan diren bikoteekiko. Horixe da atzoko garaileek duten koltxoia eta lasaitasun osoa ostiralean berma dezakete, Zornotzan, behar larrian diren Ezkurdia-Martijari irabazteko gai badira.

Partida hasi aurretik ondo berotu ahal izateko ohikoa baino denbora luzeagoa eskatu zuten estelarrean aritu ziren lau pilotariek eta antolakuntzatik eskaera onartu bazieten ere, kosta egin zitzaien partidan sartzea eta lehiak ere nekez hartu zuen tenperatura, nahiz eta azkenerako 655 pilotakada ere gurutzatu zituzten.

Ohiko zirkuitutik kanpoko pilotalekua da Logroño ondoko herrixka horretakoa eta lau pilotariak baldintza horren berezietara moldatu ezinik aritu ziren eta, azkenerako, zuzentasunak eta egokitzapen gaitasun handiagoak eman zieten garaipena beteranoei, distirarik batere gabeko lehian. Pazientziarekin eta aurkariak pilotakada bat gehiago jotzera behartuta, sailkapeneko azkenen premiarekin jokatzen jakin zuten eta larrialdi egoera horretan, euren akatsetan ito ziren lizartzarra eta aginagarra.

Partidaren hasiera kaotikoan baino ez ziren Jaka-Aranguren aurkariei markagailuan eusteko gai izan. Akatsez beteriko hitzaurrean launako berdinketara arte ezinezkoa zirudien partidari norabide bat aurreikustea, baina laster eten zen soka.

Arangurenen eskuina

Urdinen atzealdetik hautsi zen partida, txapelketarik gehienean itxura bikaina eman duen Aitor Arangurenek orain arteko partidarik okerrena jokatu baitzuen. Atzelari gipuzkoarrak pilotaren boteari jarraitu ezinik aritu zela aitortu zuen lehia amaitutakoan, baina akatsik gehienak aukerako pilotetan batu zituen. Zortzi izan ziren eskuinez botatakoak, goiko txaparen eta teilatuko sarearen artean ohikoa baino tarte txikiagoa duen pilotalekuan.

Lehia eten zuen 7-1eko partzialean Arangurenek lau kale batu zituen, denak eskuinarekin, eta azkenerako jokatzeko zegoen Erik Jaka ere kutsatu egin zen. Saiatu zen lizartzarra, ahal zuen lekutik sartuta, jokoa nahasten eta sasoiaz beste batzuetan, baino freskoago sumatu genuen arren, lizartzarrak ere ohikoak ez dituen huts asko egin zituen aukerako pilotetan.

Garaileen partetik ere ez zen aparteko distirarik ikusi: Albisuk, bai, dezente agindu zuen, baina Urrutikoetxeari ere kosta egin zitzaion errematean asmatzea eta defentsak eman zien horrenbesteko balioa duen puntua. Asmatu zuten partidak luzimendurako tarterik uzten ez zuela irakurtzen eta tantoak luzatuz, sufrimendu askorik gabe lortu zuten azken bi postuetatik ihes egiteko garaipena eskuratzea.

Emaitza honek Ezkurdia eta Martijari ez zien inolako mesederik egin, 2020ko txapeldunek hiru puntuko desabantailari eman behar diotelako buelta eta aurretik lau partida baino ez dituzte.