2023 OTS. 09 Europako tokiko monetarik erabiliena desafio berrietarako prest dago Euskoak hamar urte bete ditu «lurraldearen zerbitzura». Epe honetan eginiko bide emankorra berrikusi eta hurrengo pausoak zehaztearekin batera, urtemuga hau ospatzeko apirilaren 15eko Eusko Eguna iragarri zuten asteartean. Europako tokiko monetarik erabiliena da, eskutik eskura 3,5 milioi eusko baino gehiago baitabiltza. Egingo dituzten hurrengo urratsei buruz mintzatu ziren Xebax Christy eta Regis Eneriz. (Guillaume FAUVEAU) Andrea IBARRA BAIONA Lehen euskoak trukatu zirela hamar urte dira. Ibilbidea oparoa egin du tokiko ekonomia, elkartasuna, trantsizio ekologikoa eta euskara ardatz dituen desmartxak. Ematekoak diren hurrengo pausoei buruz aritu dira Xebax Christy Euskal Monetako lehendakaria eta Regis Eneriz gertakarien arduraduna iragan asteartean Baionan eskainitako prentsaurrekoan. «Azken hamar urteotan bide luzea egin da, oztopoz josia, baina lorpen handiekin, hutsik gabeko parte hartzeari esker», azaldu zuten. Baloratu zutenez, «euskoak erakutsi du moneta soil bat baino anitzez gehiago dela. Tokiko elkartasunerako eta biharko lurraldea pentsatzeko boterea berreskuratzeko baliabidea da». Gaur egun Ipar Euskal Herriko tokiko moneta Europako tokiko monetarik erabiliena da, eskutik eskura 3,5 milioi eusko baino gehiago baitabiltza, 1.300 profesionalen eta 4.000 partikularren erabilpenarekin. Halaber, egun 36 herriko etxek eta Euskal Elkargoak berak erabiltzen dute. «Hamarnaka boluntarioren laguntzari, proiektuan osoki parte hartzen duen soldatapeko langile taldearen engaiamenduari, baina, batez ere, erabiltzaileen mobilizazioari esker gertatu da etengabeko handitze hori», azaldu zuten Euskal Monetaren ordezkariek. Etorkizuneko erronkak Xebax Christyk geroari buruz dituzten desafioak aletu zituen agerraldian. Hasteko, partikularren sarea garatu nahi dute, hala partikularren kopurua nola hauen euskoaren erabilera handitzeko. Honetarako, Euskal Moneta elkartearen tokian tokiko presentzia indartuko dute eta tresna berriak garatuko dituzte, euskoaren erabilera «are gehiago» errazteko. Bide beretik, profesionalen arteko zirkulazioa arintzeko asmoz, euskoak berriz erabiltzeko aukera berriak eskainiko dituzte, zirkuitu laburreko trukeak indartzearren. Era berean, egitura sendotu eta proiektuaren aldeko segurtasun neurriak hartu nahi dituzte. Egun, %76an auto-finantzatua den proiektua izanki, dirulaguntzen mende ez izatea nahi du elkarteak. Honekin batera, Elkargoen euskoaren erabilera desblokeatzea dute erronka, Elkargoek moneta erabiltzeko «arau eta lege hertsagarriegiak» baitituzte. Ondorioz, erabilpena ahalbidetze aldera, parlamentariek legea aldatzeko proposamenak egiteko lanean dabiltza elkartekideak. Eusko Eguna, gertakari soziokulturala Urtemuga ospatzeko, apirilaren 15ean, larunbatarekin, Ezpeletan eman dute hitzordu nagusia. Antolatzaileek iragan asteartean azaldu zutenez, «Eusko Egunaren garrantziaren maila aldatuko da aurten, Ipar Euskal Herriko gertakari soziokultural garrantzitsuenen artean kokatu dadin». Halatan, egun osoko egitaraua antolatu dute, hitzaldi, merkatu, ikuskizun zein kontzertuez osatua. Milaka parte hartzaile espero dituzte. Eusko Egunean sartzea kitorik gabe izanen da. Gaueko kontzertuetarako sarrerak eskuratu beharko dira. Bertan, Mouss et Hakim (Zebda), Willis Drummond eta Le Bal du Samedi Soir taldeak igoko dira agertokira. GRAN EVENTOPara el 15 de abril se ha organizado... con charlas, mercados, espect��culos y conciertos. Quieren que sea uno de los eventos socioculturales m��s importantes de Iparralde. Esperan miles de participantes.