GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Probabilitatea eta listo


Sare sozialetan mugimendu handia izaten da neguan zehar eguraldiaren inguruan. Eredu meteorologikoek mapa interesgarriak jartzen dituzte web orri anitzetan, eta meteorologia zaletasun dutenek eta horretan lan egiten dugunok badugu jendeari mapa horiek zabaltzeko ohitura.

Mapa horiek zabaltzeko garaian, ordea, badago arazo bat: mapa horien interpretazioaz edo meteorologiaz gutxi dakitenek guk dioguna gaizki uler dezaketela eta ondorio okerretara irits daitezkeela. Azkenaldian komunikabide batzuetan, gainera, fenomeno hori nahikotxo ugaritu da. Horregatik, oso garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zait probabilitatearen gaia mahai gainean jartzea beste behin. Meteorologia probabilitate hutsa da. Eredu meteorologikoak egiteko garaian, hainbat eta hainbat formula eta ekuazio erabiltzen dira, baina formula eta ekuazio hauek ez dira zehatzak; hau da, horiek interpretatzeko probabilitatean oinarritu beharko dugu. Guk iragarpenak egiteko garaian erabiltzen ditugun mapek probabilitate bat erakusten digute, ez egoera zehatz eta %100 fidagarri bat. Hori ulertzea funtsezkoa da, guk sareetan dioguna ongi ulertzeko eta gaizki-ulerturik ez izateko.

Asko zailtzen du iragarpen bat balizko egoera bat izateak eta ez egoera zehatz bat izateak.