GARA Euskal Herriko egunkaria

Ehiza


Kaian, portu barnean, hiru mastako belaontzi bat omen zeukan, Egiptotik ekarria, haizearen indarrarekin aitzina zihoana, eguratsaren higidurak kontrako norabidean jo ezkero, arraunak zeuzkana. Baina belaontziak denbora zeraman lehorrera lotuta; moilan haizerik ez zuen sentitzen aspaldian, euri eta eguzki izpien higadura, portuko erabiltzaileen begirada ohitua eta turisten harridurazkoa, biak urte luzeetan. Laketontzi eder bat ere berea omen zen, urre kolorez eta zuriz margotua, «Jacht London». «Ttipitt» itsasgizonak kontatu zidan «Lot», «Yot» edo «Yate» laketontziaren jatorria Herbehereak zirela, piratak harrapatzeko erabiltzen zituzten itsasontziengatik, izena berak «Ehiza» erran nahi zuela neerlanderaz, gurea bezala indoeuroparra, Irulegiko eskuaren zain betiere, «Minuto y resultado en la Condomina». Ikusi behar da bestalde, zertan amaitu duen itsasontziak, aberats izan nahien kabi. Belaontziaz eta laketontziaz gain, Biarritzen jauregi bat omen zeukan, eta Bidarten beste bat, itsasoari begira, alta, itsasoaren lehen lerroan. Baionako gaztelu bat berea omen zen, mendiekin paraleloan, baina ez aspaldikoa, berria, horregatik deitzen zela «Château Neuf». Karlos VII.ak eraikitzeko agindua ehun urteko gerlaren ondorenean. Bidaxunen bazuela etxalde handi bat, Ahurtin beste bat, Arhan ibai ondoan, Agaramontarren konderri hartan. Nola egiten zuen hori dena gozatzeko, egia ote den «omen» horrekin erraten dena, eta gu ere, daukagun gutxiarekin ez ote gabiltzan antzera, hori pentsatu dut.