GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ezkurdia: «Bizirik eta lehiatzeko gaude»


Ate joka diren Tolosako Inauterien beste osagai bat izango da pilota, gizonezkoen kasuan egoera arras desberdinetan jokatuko diren partidekin astelehenean eta asteartean eta, lehen aldiz, Ados Pilotaren txapelketako final laurdenetako bi partidekin nesken kasuan, larunbatean.

Gizonetan, jokoan ezer ez duten bi bikote ariko dira elkarren aurka astelehenean: bi lehenetan sartzea ziurtatuta duten Altuna III.a-Tolosa eta txapelketari agur esan dieten Jaka-Aranguren. Eta asteartekoa, aldiz, final moduko bat izango da, zulotik ihes egin nahi duten Ezkurdia-Martija eta goitik behera datozen Peña-Mariezkurrenaren artean.

Jardunaldia itxiko duen lehia horretara indarberriturik helduko dira 2020ko txapeldunak. Ia kanporatuta egon ostean, azken bi garaipenei esker, gainerakoentzat mehatxu izatera igaro dira sakandarrak, eta azken bolada horri segida ematen saiatuko dira. «Txapelketa hasi zenean gure espektatibak beste batzuk ziren, baina duela aste batzuk sinatuko genuen azken aurreko jardunaldira bizirik heltzea, eta horrekin pozik gaude» onartu zuen Joseba Ezkurdiak. «Pasatakoa pasatu da, bizirik gaude, ondo gaude, lehiatzeko gaude eta asteartean irabaztera irten behar dugu».

GOITIK BEHERA

Peña-Mariezkurrena aurkarien ibilbidea guztiz kontrakoa dela esan genezake, txapelketa oso ondo hasi ostean, azken asteetan irabazi ezinik baitabiltza. Puntu bat gehiagorekin, Baikokoen egoera lasaiagoa da, baina Jon Ander Peñarentzat ere hil edo bizikoa izango da astearteko partida. «Guretzat ere final bat da, azkenean. Nik uste dut oraindik aukera dugula laugarren postu hori lortzeko, eta horren bila joango gara», esan zuen.

Larunbatean porrot mingarria jaso zuten Altuna eta Tolosaren aurka partida ero batean, tanto bakarraz galduta, baina lezioa ikasita datoz: «Huts gutxiago egin behar ditugu».