GARA Euskal Herriko egunkaria

Kontuarra


Arno xuriarekin kopa goraino beteta, dariola egiten ote duen begira nago ni, baina ez da tantarik isurtzen zilar koloreko kontuarraren gainera. Eguerdiko liturgia Donibane Lohizuneko merkatuaren ostatu ttipian, ohiko bezeroak aktualitateari errepasoa ematen, kiroletik eguraldira doan hari mehe lagunkoia. Eta hizketaldien buru Jean, ostatuko jabea, Jeanne eta Margueriten eskutik jaso zuenetik. Familiako lau belaunaldi lanbide berean murgilduta, zenbat historia izan diren bertan ohartzeke. Ramiro Arrue margolariak edaten zuena, diktadurari ihesi heldutako anarkistak, errepublikano eta abertzaleen amets zahar eta berriak, denak toki berean. Zinkezko kontuarra du ostatuak, bitxia, biziki arraroa, urria baita metal hori, baina batez ere ederra. Pikardiako etxalde batean berreskuratu zuen Jeanek, Frantzia Garaia Nord Pas de Calaisekin elkartu zenetik, Lille hiriburu duena; Somme ibaiertzean Jules Verneren Amiens hiria ere ez dago urrun, handik atera gabe munduari 80 egunetan itzulia eman ziola oroitarazteko aipatzen dut hori. Beharbada «Mundua ikusi nahi dut, baina zure ohetik» Berri Txarraken kantua etortzen zaidalako burura askotan. «Otto Jon!» efusiozko oihua entzun dut, laurogei urteko gizon dotore bat besarkatzera atera da Jean, eta ea nor den badakidan galdetu dit; nik, ezetz; historia polita duela erran dit. Eta hor egon naiz ardoari hurrupa nola egiten dioten begira, ea Jon noiz joaten den zain, bere berri jakin eta zuei kontatzeko.