GARA Euskal Herriko egunkaria

Nola esan


Dialektologia hizkuntzalaritza forense moduko bat da». Pere Navarro dialektologian aditua den hizkuntzalari katalana da. «Jendeak nola hitz egiten duen entzuteak izugarri erakartzen nau. Gustukoa dut jendea mintzatzen entzutea; ez diot erreparatzen hitzen esanahiei, esateko moduari baizik». Antzeko zaletasuna dugu, nik ere maite baitut jendea entzutea, nola esaten dituzten hitzak, doinuak, isiluneak, erritmoak. Ofizioaren albo kaltea izango da.

Ipuinak kontatzerakoan, garrantzia hartzen du, ez bakarrik zer kontatuak, baita nola kontatuak ere. Esango dituzun hitzak, nola ahoskatu, ze erritmo erabili, ze doinu. Ipuinak kontatzen hasi nintzenean berehala topatu nuen koxka eta kezka zen hizkerarena. Ez zen nahikoa euskara “zuzena” erabiltzea, “egokia” ere behar zuen izan. Eta egokia izateko lekua, entzulea eta eguna hartu behar dira kontuan. Ez da berdina Tartaloren ipuina haurrei kontatzea edo helduei; euskaltegiko ikasleei edo herri txiki euskalduneko biztanleei. Hitanoa zer pertsonaiekin erabili; doinua zure euskalkitik gertuago edo urrutiago; hitzak modu batera edo bestera esatea; erregistroak… Otso-Punki batek ezin du zuka hitz egin; Erregeari nola zuzendu berorika ez bada. Beti, entzuleak ulertuko duen moduan.

Edozein hizkuntzatan, ipuinak kontatzean istorioaren pasarteak irudikatzen ditugun bezala, hizkuntzaren doinua behar dugu entzun eta hitzak kolorez margotu. Esatearen lilura eskaini.