GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Segurtasuna bermatzea ez da armen kontua


Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko Lakuako zuzendariak eta Asier Erkoreka orain gutxi arte Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteko buruak agerraldia egin zuten Gasteizko Legebiltzarrean udaltzaingoei gutxieneko hornidura gisa eman behar zaizkien arauzko baliabide teknikoei eta defentsiboei buruzko ondorioak aurkezteko. Balen aurkako eta ebakien aurkako txalekoekin, ebakien aurkako eskularruekin, eta eskuburdinekin batera, lehen aldiz, 9 mm-ko eta hamahiru tiroko pistola erdiautomatiko bat sartu da udaltzaingoen derrigorrezko baliabideen zerrendan. Aldaketa oso handia, eztabaida publikorik txikiena ere gabe egosi dena.

Ez da elementu deigarri bakarra. Atzo adierazitakoaren arabera, gaia ez zen udaltzaingoen koordinazio batzordean orain arte ziurtatu bezala tratatu, baizik eta Segurtasun Sailaren eta Eudelen artean. Agian hori izan da EH Bilduren parte-hartze eskaerei ez erantzuteko eta bere ordezkariak eztabaidatik baztertzeko erabili den trikimailua. Josu Erkorekak zuzentzen duen Sailaren parte-hartzearen eta batez ere gardentasunaren adibide bikaina. Gai honetan ez da lehena; izan ere, maiatzean Legebiltzarrean ukatu egin zuen udaltzainek armak eramateko betebeharra eztabaidatzen ari zirela, eta, gero, irailean onartu behar izan zuen eztabaida hori mahai gainean zegoela. Bestalde, komeni da azpimarratzea armak, edozein motatakoak izanda ere, beti direla eraso egiteko. Dokumentu batean erasoko armak eta udaltzainek eraman behar dituzten defentsa baliabideak nahastea eztabaida nahita kargatzea da, erasotzeko balio duena babesletzat hartzen saiatuz. Armetan bat datoz polizia sindikatu batzuen interesa eta Josu Erkorekak zuzentzen duen Sailak segurtasunari buruzko gaiez dauzkan ikuspegi sekurokratak.

Udaltzain guztiek leku eta egoera orotan pistola eramatea nahi izateak ez du segurtasuna hobetzen laguntzen, aitzitik, istripu larriak gertatzeko arriskua areagotzen du. Dena suzko kolpez konpontzeko tentazioa oso handia da, EAJko bakezaleek oraindik ikasi ez duten ikasgaia. Segurtasuna beti da justizia kontua, eta ez armak eta kontrol kontua.