GARA Euskal Herriko egunkaria

GAZTEENEK FINALERAINOKO BIDEA EGIN DUTE, TXAPELKETAN EROSO IBILITA

Gaur jokatuko dute Ados Pilotako Binakako Txapelketako finala Barrocal-Ruiz de Larramendik Zabaleta-Agirreren kontra Zumarragako Beloki pilotalekuan, 11.30etik aurrera. Barrocalentzat (2005, Bergara) eta Agirrerentzat (2003, Zestoa) sekulakoa litzateke txapela irabaztea, estreinako finala baita bientzat.

Maddi Barrocal aurrelaria goian eta Naroa Agirre atzelaria beheran, joan den asteartean Zumarragako Beloki frontoian egindako material hautaketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

A dos Pilotako Binakako Txapelketan bikote gazteenek bidea egin dute finaleraino: Maddi Barrocal-Olatz Ruiz de Larramendi eta Goiuri Zabaleta-Naroa Agirre bikoteek, hain zuzen ere. Gaur jokatuko dute txapelketako bigarren edizioko finala Zumarragako Beloki pilotalekuan, 11:30etik aurrera. Lauretatik Ruiz de Larramendi da iaz finalera iritsi zen bakarra, baita irabazi ere, gainera. Besteentzat estreinako finala da. Ligaxkan elkarren aurka aritu ziren, eta Barrocal eta Ruiz de Larramendi gailendu ziren 22-18. Beraz, eurak dira faboritoak, Barrocal aurrelariak uste hori ez izan arren: «Iruditzen zait ez dagoela faboritorik. Nahiz eta ligaxkan partida hori irabazi genuen, norgehiagoka bakoitza desberdina izaten da. Gainera hau final bat da; urduritasun puntu hori egongo da, jendea hurbilduko da, eta frontoia leporaino egongo da. Presio hori ondoen eramaten duenak irabazteko aukera gehiago izango ditu».

Barrocalek eta Ruiz de Larramendik txapelketa osoan ez dute partidarik galdu, zortzitik zortzi irabazi dituzte, eta Bergarako aurrelariak dio «txapelketa bikaina» osatu dutela: «Orain arteko martxan segitu behar dugu. Merezimendu osoz sartu gara finalean, eta txapelketari bukaera on bat ematea espero dugu, Olatzekin [Ruiz de Larramendirekin] lehenengo txapela lortuta». Beste bikoteak, txapelketa ona egin badu ere, zortzitik bi partida galdu dituzte, horietako bat igandean jokatuko duten bikotearen aurka. Horren inguruan, Agirrek nabarmendu du «oso gustura» daudela egindako lanarekin, Zabaletarekin jokatzen duen lehen aldia baita: «Lehen partidatik azkenekora asko hobetu dugu bikote bezala. Hasieran gehiago kostatzen zitzaigun ulertzea, baina azkenerako banekien noiz egin behar zuen keinua bera zabalera joateko, eta ni txokora mugitzeko».

Material hautaketa joan den asteartean egin zuten, eta Agirrek azaldu du pilota «nahiko motelak» aukeratu zituztela, kontuan hartuta Ruiz de Larramendik duen kolpea, eta frontoia bizia dela. Frontoia hala izateak kalte egingo ote dien galdetuta, Zestoako atzelariak aitortu du haiei «min handiagoa» egin diezaiekeela: «Pilotak pisu handia hartzen duen frontoi bat da. Altura ere handia du, eta uste dut hori Olatzentzat ona dela. Material motelagoarekin saiatuko gara aurrean gehiago jokatzen».

Agirrek ez bezala, Bergarako aurrelariak uste du «biei ondo» datorkiela frontoi bizia izatea, Zabaletak ere «bizitasuna» ematen diolako pilotari.

FINALAREN ATARIAN, lasai DAUDE

Finalistek ligaxkan elkarren aurka jokatutako lehian, Zabaleta-Agirre bikoteak partida hartatik zer hobetu behar duten galdetuta, Zestoako atzelariak nabarmendu du ez zutela asmatu ezker pareta bilatzen: «Ea finalean gehiago eramaten diodan Olatzi ezker paretara, hala Goiurik [Zabaletak] aukera gehiago izango ditu aurrean. Azken momentura arte ez zen partida erabaki. Gogorra izan zen. Beraz, lehia haren antzekoa egiten saiatuko gara, baina bukaeran guk irabazita».

Horrez gain, Agirrek nabarmendu du haien indarguneak ahalik eta gehien probesten saiatu behar dutela, partidas haien aldekoa izan dadin. «Atzealdea ondo estaltzen dut, eta Goiuri pilotari petoa da. Zuloak azkar bilatzen ditu, eta bisio zein teknika oso ona ditu. Gainera, txapelketa aurrera joan den heinean, elkar hobeto ulertu dugu, eta frontoian zulo gutxiagoak utzi ditugu», adierazi du Zestoakoak. Barrocalek, bere aldetik, adierazi du eurei komeni zaiela pilota «gogor astintzea eta tantoak bukatzea».

Finala ate joka dela, bai Barrocalek bai Agirrek oraingoz lasai daudela adierazi dute, eta ez dutela «ezer berezirik» egin finalerako, «betiko martxan» jarraitu dute. «Partida asko jokatu ditugu kameren aurrean, eta urduritasun hori alde batera utzita dugu. Final oso gogorra espero dugu, eta ahalik ondoen jokatzen saiatuko gara», esan du Bergarako aurrelariak. Finala irabaztea «sekulakoa» izango litzatekeela nabarmendu dute biek ala biek. Agirrerentzat txapela irabaztea txapelketa «ezin hobe» bukatzea litzateke, baina balioa eman dio finaleraino iristeari ere, «oso-oso gustura» baitaude egindakoarekin.

Barrocal, ordea, ez da asetzen finalera iristearekin, eta txapela eskuratu nahi du: «Halako txapelketa bat irabaztea, eta gainera Olatzekin, sekulakoa litzateke. Irabazteko aukera asko dugu. Olatz eta biok oso indartsu gatoz txapelketatik. Hala ere, badakigu finalean edozer gerta daitekeela, baina hasieratik bete-betean sartzen saiatuko gara, eta ea txapela lortzen dugun».

IKUSGARRITASUN FALTA

Emakumeen pilotak bere gainean daraman zama bat da, gaur-gaurkoz, partida gutxi emititzen dituztela telebistan, eta horrek kirolaren ikusgarritasuna ia ezerezean uzten du. Hori gutxi ez eta, askotan ere, finalak bakarrik izan ohi du harrabotsa sortzen dutenak, eta hori «ez da bidezkoa» Barrocalen eta Agirreren ustez. «Askotan hitz egin izan dugu gure artean ez dela bidezkoa jendea finaleko irudiarekin soilik geratzea, eta gainera, normalean finalak ez dira izaten txapelketako partidarik onenak», adierazi du Zestoako atzelariak. Horrez gain, Barrocalek aipatu du beraiek nahi dutena dela «emakumeen pilota indartzea, gero eta neska gehiagok joka dezan».

Urrunago joan da Agirre, eta uste du «pena bat» dela jendeak emakumeen pilota ikusteko aukerarik ez izatea: «Finala txapelketako 34. partida izango da, eta orain arte ez dugu egin txapelketa hain luzerik. Finala emitituko da, final-laurdenak eta finalerdiak Hamaika telebistarekin lotu genituen. Hasiera batean, finala EITBrekin genuen lotuta, baina txapelketa hasi baino astebete lehenago esan ziguten ez zutelako emango. Hori kolpe handia izan zen guretzat, badakigulako telebistak babes hori ematen ez badigu inon ez dela ikusiko emakumezkoen pilota».