GARA Euskal Herriko egunkaria

Ella


Ez dakit haur batek zenbat urterekin ikasten duen bere sortze eguna, urtemugako kandelak ufada batez itzaltzea oroitzen dut garrantzitsu bezala, ez eguna buruz ikasi nuen eguna. Amaren urtebetetzea eta aitarena noiz ikasi nituen ere ez dut oroitzen, anaiena berdin, eta lagunena beti egun okerrenean oroitzen dut oraino, pasatu ondoren. Pentsatzen dut ez naizela bakarra izango. Badira beste egun seinalatuak, jaiegun eta urteurrenak, omen gisakoak edo bakoitzarentzat garrantzitsuak, baina martxoan batek besteen gainetik diz-diz egiten du.

Azken urteotan “Laisse tomber les filles” (Utzi neskak bakean) Gainsbourgen kantuarekin erantzun diot nire buruari martxoaren 8a iristean, bestela ere nahiko protagonismo badugula sinistuta; kantuari bolumena igo diot jaiegun bilakatu nahi dutela entzun dudanean, izango da mugimendu feministaren borroka eta aldarri eguna desaktibatzeko.

France Gallek hirurogeiko hamarkadan kantatzen zuen abesti hori, baina Tarantinok Quebecen filmatutako “Le boulevard de la mort”-en ezagutu nuen nik, agidanean sinbolo feminista zena mugimendu askatzailea bera sortu aitzin. France Gallek Ella Fitzgerald omentzeko idatzitako eta abestutako “Ella, elle l’a” (Ella, berak badauka) etorri zait orain, duela urte gutxi dance estiloan biziki entzuna izan zela, eta noiz erditu ote zuen ez dakidala, kantuak eta mezuek ere haien urtemuga baitaukate, eta gehiegitan ahanzten ez ote ditugun, zalantza horrekin jo dut musika entzutera.