GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Gipuzkoako txirrindularitza erabat geldirik, baliabide eskasia dela-eta

Lotura lanak egiteko motoen aseguruak ordaintzeko ezintasunak oraindik gehiago okertu du txirrindularitza amateurraren egoera beltza.

Zenbait txirrindulari gazte eta elkarte ezberdinetako kideak batu ziren mobilizazioan. (GARA)

Asteburuan Gipuzkoan lehiatzekoak ziren txirrindularitza lasterketa guztiak bertan behera geratu ziren -Aiztondo Klasikoa eta kadete eta junior mailakoak Beasainen eta Eibarren hurrenez hurren-. Datorren asteburukoek ere itxura bera dute -Mutrikuko lasterketa bertan behera geratu dela baieztatuta dago-. Lotura lanak egiteko motoen aseguruak ordaintzeko ezintasunak ekarri du egoera hau. Halere, antolatzaile ezberdinek azaldu zutenez, azken auzi hau «errematea» besterik ez da izan.

Atzo eguerdian Eibarren mobilizazioa egin zuten elkarte ezberdinetako kideek eta bizikleta zaleek, egoera hau deitoratu eta ezagutarazteko asmoz. «Lotura egiten duten motoen arazoa azkena da, ondorio bat ekarri duena, hauek gabe lasterketak egitea ezinezkoa delako. Baina ez da arazo bakarra. Urteak daramatzagu txirrindulari gazteak errepide arriskutsuetatik bidaltzen. Herri batzuk zeharkatzea “ginkana” moduko bat da. Okupak bezalakoak izanik, horrek ibilbide alternatiboak bilatzera bultzatzen gaitu, arriskutsuagoak direnak. Garrantzitsuagoa da autoak ez molestatzea, ibilbide ez hain arriskutsuak egitea baino», adierazi zuen, haserre, Santi Osorok, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidenteak.

BILERA ESKARIA

Untzaga plazan egin zuten elkarretaratzea, lasterketak hasi behar zuen lekuan, hain zuzen. «Txirrindularitza kate bat da eta ezin da hautsi. Ezin da goi mailako txirrindularitza eduki, behean katea hausten bada», esan zuen Osorok. Ohartarazi zuen, egoera honetan jarraituz gero, antolatzaileen nekea areagotu egingo dela, eta baita txirrindulari gazteena ere.

«Eskuduntza duten agintariei eskatzen diet guregana etortzeko eta lan hau babeste aldera zer egin behar den galdetzeko. Espero dugu hauek gerturatzea, hau guztia hausnartu eta konponbidea topa dezagun», exijitu zuen.