GARA Euskal Herriko egunkaria
REALA

Diego Rico ezker hegalekoak 2025. urtera arte berritu du kontratua

Rico eta Aperribay, akordioa sinatu berritan. (REAL SOCIEDAD)

Taldea aspaldiko unerik makalena pasatzen ari den asteotan, Realak bere jokalariengan duen konfiantza berretsi nahi izan du. Igandean Aritz Elustondok 2026. urtera arte berritu duela jakinarazi ondoren, atzo atzealdeko beste hegaleko Diego Ricorekin ere lan hitzarmena luzatzeko akordio batera heldu zirela ezagutzera eman zuen. Burgosko atzelaria duela bi denboraldi heldu zen Donostiara Bournemouth taldetik, eta orain lortutako akordioari esker 2025. urtera arte txuri-urdina izango da.

Taldearen web orrialdean jokalaria pozarren agertu zen Donostian geratzeko aukerarekin. «Lehen egunetik denek hartu ninduten etxeko beste bat bezala. Klub osoak duen apaltasunak eta sakrifizio espirituak oso erakargarria egiten dute klub honetan egotea», adierazi zuen.

Ezker atzelaria ilusioz gainezka dago ostegun honetan jokatu behar duten Europa Leagueko kanporaketarekin. «Realera hazteko asmoz etorri nintzen, nire ibilbidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko, eta Erromaren aurkako kanporaketa honen adibidea da», aipatu zuen.

Orain ikusi beharko da aurten jarraitutasunik gabe dabilen Aihen izango ote duen Ricok ordezko gisa edo Realak beste jokalariren bat fitxatzen duen postu horretarako. David Silva eta Asier Illarramendi dira hiru hilabeteetarako baino kontratua ez duten jokalariak.