2023 MAR. 07 PILOTA Orekatuta, bina debutari eta bina klasikorekin dator finalerdietako ligaxka Enpresa bakoitzak bina bikote izango ditu, bakoitzaren aurrelari eta atzelari erreferentziazkoak tartean direla. Lan berriak dira Elordi eta Tolosarentzat. Ligaxkako seigarren postutik bada ere, Peña-Mariezkurrena lau onenetan dira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Jon ORMAZABAL Orekatua. Hitz batean adierazi beharko bagenu, aurtengo Binakakoaren finalerdietako ligaxka orekatuta datorrela esan genezake. Hasteko, biderik malkartsuenetik izan bada ere, Peña-Mariezkurrena sailkatu ostean, enpresen aldetik begiratuta indarrak berdindurik ekingo diote azken aurreko faseari, eta hori ez da askotan gertatu azken urteetan. 2016an Asegarcek hiru bikote eta Aspek bakarra sartu zituenetik, 2017an eta 2020an baino ez da halakorik izan, 2018an, 2019an, 2021ean eta iaz Eibarko enpresakoak izan baitziren sailkatuetako hiru. Azken urteetako emaitzak nolabait iraultzeko asmoz, apustu handi samarra egin zuen Baikok aurtengorako eta, nahi baino gehiago sufrituta izan bada ere, lehen helburua bete dutela esan dezakegu, bere bi bikoterik indartsuenak finaleko lehian arituko baitira. Bikoteen osaerari buruz ere oreka nabarmendu dezakegu, inor gutxiesteko asmorik gabe, enpresa bakoitzak aurrelari eta atzelari erreferentziazkoak sartu baititu; orain gutxi Baikok enpresatik kanpo nahi zituen Laso eta Mariezkurrena, eta Aspek Altuna III.a eta Zabaleta. Hau da, bi artista eta bi jotzaile handi. BI DEBUTARI Txapelketan jarraitzen duten zortzi pilotarientzat, Elordi debutariarentzat eta Tolosarentzat berria izango da finalerdietako ligaxkan aritzea. Baina esperientzia aldetik ere ez dirudi alde nabarmenik izango denik bikoteen artean, bi berrienak halakoetan eskarmenturik gehien duten bi pilotariekin arituko dira eta. Mallabitarra Jose Javier Zabaletarekin arituko da, azken urteetan txapelketa honetan izan den pilotaririk erregularrenarekin. Bederatzi aldiz jokatu ditu etxarrendarrak Binakakoaren finalerdiak, azken zazpiak jarraian, denera lau final jokatu eta hiru txapel burura eramanda. Xabi Tolosak, ordea, Jokin Altuna izango du aurrelari. Bosgarren aldiz arituko da amezketarra Binakakoaren finalean, azken laurak jarraian, eta are ikusgarriagoa den datua: pandemiaz geroztik jokatutako txapelketa guztietako finalerdietan jokatu du egungo aurrelari txapeldunak. Lehen fasean Aspeko bikoteak koxka bat gorago ibili direla egia izan arren, horrek ez du ezer ziurtatzen. Lau bikoteak hutsetik abiatuko dira asteburu honetan hasiko den ligaxka kitzikagarria eta ezin orekatuagoan. PROMOCIONTambi��n contar��n con dos parejas en el... Aspe: Salaberria-Etxebarria y Zabala-Gaskue; y Bai: Larrazabal-Eskiroz y Bakaikoa-Morgaetxebarria.