GARA Euskal Herriko egunkaria

Greba orokorrera begira antolatuko da mugimendu feminista

Atzoko eguna mugarri bat iristeko lehen pausotzat hartzen du Euskal Herriko mugimendu feministak: «Greba feminista orokor» batera eramango duen borroka egituratu bat bultzatuko duela iragarri zuen.

Mugimendu feministaren prentsaurrekoa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Goizez eman zuen Euskal Herriko mugimendu feministak aurrerantzean urratuko duen bidearen berri, Martxoaren 8ko arratsaldeko manifestazioen atarian: herriz herri eta auzoz auzo antolatuta, “Denon bizitzak erdigunean” izeneko prozesu partekatu bati ekin nahi diote, eta «greba feminista orokorra» jarri du mugarritzat, Bilboko Arriaga plazan dozenaka emakumek egin zuten prentsaurrekoan iragarri zuenez.

«Ez dugu promesa huts gehiagorik nahi, ezta gure diskurtsoaren kaptazio gehiagorik nahi ere: zaintzarako eskubide unibertsala exijitzen dugu, eta zaintza horiek negozio izateari uztea. Horregatik, greba feminista orokor baterantz goaz, eta gaur, Martxoaren 8a, lehen urratsa da», adierazi zuten bozeramaileek.

Zaintzaren problematika erdigunean jarri nahi dute, «historikoki emakumeok izan garelako hauen pisua eraman dugunak eta inoiz ez direlako lan gisa aitortuak izan». «Are gehiago -gaineratu zuten-, politikoki, sozialki eta ekonomikoki ikusezinak eta gutxietsiak izan dira».

Salatu zutenez, egun Euskal Herrian, zaintzak «indarkeria eta desberdintasunaren» ardatz dira emakume langileentzat, non «arraza, atzerritartasun egoera, adina, sarea eta estatus soziala gurutzatu eta berrelikatu egiten diren».

«Zaintzak, mundu bidegabe eta desberdin honetan, sexuatuak, arrazializatuak, estratifikatuak daude. Zentraltasuna ukatu zaio, baina, aldi berean, kapitalismo heteropatriarkala honen gaineko irabaziez aberastu da. Feministok aspaldi salatu genituen zaintzen merkantilizazioa, pribatizazioa, esplotazioa, kapitalaren espekulazioa eta beste negozio-nitxo bat bihurtu izana», azaldu zuten Euskal Herriko mugimendu feministako kideek.

Gainera, «kolapso egoera» bizitzen ari garela ohartarazi zuten: «Patronalaren eta interes ekonomikoen menpe dauden erakundeetatik hartutako erabaki inperialista eta neoliberal multzo baten aurrean gaude. Irabazien eta kapitalaren sistema metatzaile harrapari baten berrespena da, estruktura heteropatriarkal eta kolonialetan oinarritzen dena».

Eskubide kolektiboa

Horren aurrean, zaintzarako eskubide kolektiboaren alde egiten du apustu Euskal Herriko mugimendu feministak, «hau da, pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak baldintza duinetan eta konpromisotik emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde», esplikatu zuten.

«Hori mendekotasun egoeretatik harago doa eta erabakitzeko gaitasuna eskatzen du: zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun; zenbat, nola eta nork zaindu behar gaituen, zaintzeari ezetz esateko eskubidea ere barne hartuz. Eskubide hori modu kolektiboan ulertzen dugu, eta ez indibidualizatuan», gaineratu zuten feministek.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko mugimendu feministak borroka egituratu bat planteatu du, «greba feminista orokor» bat helburu izango duena. Horretarako, herri mugimenduekin, mugimendu sozialekin eta sindikalekin «aliantzak sortzeko, agenda politikoa eta aldarrikapenak sortzeko» apustua egingo dutela ziurtatu zuten.