GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Ane Azkonak hiru urte gehiago jarraituko du elastiko zuri-gorriarekin

Aurrelari nafarrak Athleticekin kontratua luzatu du 2026ra arte. Klubak azken asteotan adostu duen laugarren berritzea da.

Ane Azkona eta Jon Uriarte, Ibaiganen, kontratuaren berritzea sinatu ondoren. (ATHLETIC CLUB)

Ane Azkonak 2026ra arte jarraituko du Athleticen, kontratua hiru urtez luzatu ondoren. Klubak izugarrizko lana zuen aurretik, jokalari askoren kontratua aurten amaitzen baita, eta, poliki poliki, arrakastaz ari da aurrera ateratzen, oraindik futbolari garrantzitsuen etorkizuna zehaztear badago ere. Baina bideari ekin dio eta Azkonarena azken asteotan gauzatu duen laugarren berritzea da, aurretik Nerea Nevadorekin, Clara Pinedorekin eta Bibi Schulzerekin adostu ondoren.

Azkonak azaldu duenez, Jon Uriarteren Batzarrak «emakumezkoen aldeko apostu garrantzitsua egiteko asmoa duela helarazi digu hasieratik, indar asko egingo duela. Bilerak oso errazak izan dira».

Badira ia zazpi urte iruindarra Lezamara heldu zela, 18 urte zituela. Behin baino gehiago onartu du filialean eman zituen aurreko urteak «zailak izan» zirela, «baina atzera begiratzen duzu eta lanak bere fruituak ematen dituela ikusten duzu». Ez du ahazten Athletic izan dela «Lehen Mailan debutatzera eta jokatzera ekarri nauen kluba. Lehen unetik konfiantza eman didate». Orain ere hori sentitu du eta «horregatik erabaki dut hiru urte gehiago jarraitzea». Erabatekoa izan da ere «egin nahi duten proiektua eta gure taldean zelako konfiantza duten ikustea». «Azken urteotan jokalari garrantzitsuak joan dira -gaineratu du-, baina berritze garrantzitsuak egiten ari dira, eta konfiantza osoa daukat jokalari horiek hurrengo urte hauetan hazi egingo direla».

Lehen urratsak Gazte Berriak taldean eman eta Ardoitik pasatu ondoren, Athleticekin 2016an fitxatu zuen Azkonak. Lehen taldearekin berehala debutatu zuen arren, hiru urte eman zituen filialean, behin betiko jauzia egin aurretik. Gazi-gozoa izan zen hau ere, lehen denboraldia amaitu berri, kontratua 2023ra arte luzatu eta bi astera lotailu gurutzatua hautsi baitzuen. Guztiz osatu eta jokalari garrantzitsua bilakatu da.