2023 MAR. 24 AZKEN PUNTUA Negua joan da eta Iker IBARLUZEA Meteorologoa Joan zaigu negua eta izan dugun urtaroaren inguruko balantze bat egiteko unea iritsi da, alderdi objektibo batetik, noski. Esan liteke bi zati ezberdin izan dituela: batetik, abendu hasieratik urtarrilaren erdira arte; eta bestetik, urtarrilaren erditik martxoaren hasiera arte. Lehen zatiak nabarmentzekoa izan du, batez ere, tenperatura positiboen anomalia. Gabonetan kasik kamiseta hutsean ibiltzeko moduko eguraldiak izan dira, txoko batzuetan 2-3 graduko anomalia positiboak izan direlarik. Prezipitazioaren aldetik, abenduaren lehen erdia ohiko baloreetan ibili da, baina abendu amaiera eta urtarril hasiera kaxkarrak izan dira. Bigarren erdian, aldiz, neguak bere aurpegia erakutsi du. Urtarrilaren bigarren erdia hotza izan da, baita otsailaren lehen egunak ere, horri gehituta prezipitazioz normala izan dela. Otsail erdi aldera egun bero batzuk izan dira, baina amaieran elur kontuak ere bai. Batez bestekoa kontuan hartuta, negu zertxobait epelagoa eta lehorra izan da, beraz. Pertsonalki iazkoa baino negu hobea izan dela iruditu bazait ere, ez nau gehiegi asebete. Prezipitazio gehiago eta denborale gehiago falta izan ditu eta euritan ez dela hain emankorra izan iruditu zait. Bosteko nota bat jartzen diot, horregatik. Ea udaberria nola datorren…