GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Herriari «sorpresa polit bat» eman nahi dio Lointek Gernika Bizkaiak Kopan

Final-laurdenetan Girona aurkari gogorra tokatu zaion arren, talde bizkaitarrak badauka itxaropenik, aurkariak lesioekin izan dituen arazoak eta faborito izateagatik nozitu dezakeen presioa bere aldera baliatuta. Bizkaitarrek «sentsazio onak» dituzte.

Lointek Gernikako jokalariak, irribarretsu eta konfiantzaz gainezka Kopa jokatu bezperan. (O. MATXIN | FOKU)

Ostegun goizean abiatuko da Lointek Gernika Bizkaiaren espedizioa Zaragoza aldera, ostiralean 18.00etatik aurrera Spar Gironaren aurka final-laurdenetako partida jokatu behar baitu. Kazetarien aurreko saioa izan zuten bizkaitarrek atzo goizean eta bide batez babesleen laguntza ere jaso zuten Malosten.

«Malosten jokatzea beti da esperientzia polita, baina badakigu Zaragozan ere ez garela bakarrik egongo, marea granatea hurbil sentituko dugu beti», adierazi zuen Itziar Ariztimuñok hedabideen aurreko agerraldian.

Gaztea den arren, badu eskarmentua antolatzaile bilbotarrak Kopan, Lointek Gernika Bizkaiak berak ere kale edo bale egiteko txapelketa honetan eskarmentua duen bezala. Ez da ahaztu behar iaz gernikarrek Cadi La Seu menpean hartu zutela Valentzian jokaturiko Kopan final-laurdenetako saioan eta finalerdietan gauzak zail jarri zizkietela Perfumerias Avenidari.

Badirudi aurten final-laurdenetako kanporaketa gainditzea zailagoa izango dela ziur asko, baina horrek ez dio ilusiorik kentzen talde bizkaitarrari. «Egia da, batetik, azken jardunaldian Cadi La Seuren kontra ez genuela gure partidarik hoberena jokatu, eta baita Girona talde handia dela ere. Baina, tira, guk aurretik bost partida irabazi ditugu jarraian eta beraiek ere, lesioak direla-eta, ez daude beren momenturik onenean. Gardner, Tolo, Sykes... bezalako kalitate handiko jokalariak dituzte eta horien aurrean oso kontzentraturik atera beharko dugu», esan zuen Itziar Ariztimuñok.

ZALEEN LAGUNTZA

Itxura batean, ez omen da jenderik faltako Zaragozako Felipe Printzea kiroldegian Kopako neurketetan. Espainiako Saskibaloi Federazioak jakinarazi duenez, 8.000 bonu inguru saldu dira dagoeneko eta Lointek Gernika Bizkaiak ere izango ditu bere aldeko ahotsak. Gerardo Candina klubeko presidenteak hau aitortu zuen: «Zorte apur bat izan genuen zozketan neurketa ostiralean jokatzea egokitu zaigulako. Gutxienez 200 edo 300 zale inguru mugituko ditugula badakigu, beren kasa joango direnez gain».

Bistakoa da hori eta gehiago beharko dutela gernikarrek hain aurkari gogorraren aurka. Nolanahi ere, Anna Montañana entrenatzailea, jokalari zenean Kopa irabazitakoa -maila altueneko taldeetan jokatu baitzuen-, faboritoek nozitzen duten presioaz mintzatu zen.

«Jokalari nintzenean hartutako eskarmentuak diost Girona ez dela lasai egongo. Badakit Kopara zazpigarren sailkatu eta Kopa bera irabaztea zen den, baina baita faborito gisa joan eta aurreneko egunean etxera itzuli beharra zer den ere», onartu zuen.

Roso Buch hegaleko katalanak Gironan hiru urtez jokatu zuen eta antzera erantzun zuen. «Girona da faborito, baina aintzat hartu behar dugu talde handiek Kopako final-laurdenetan galtzeko gehiago izaten dutela irabazteko baino. Nik hiru bider jokatu nituen final-laurdenak Gironaren kamisetarekin eta hiruretan gorriak ikusi genituen aurrera egiteko; ez da hain erraza presio hori eramatea. Beraz, gure maila emanez gero eta partida azkenera arte berdinduta eramateko gai bagara, nik uste aukerak izan ditzakegula», adierazi zuen Mataroko jokalariak.

«Kopan edozer gerta liteke. Badakigu partida errazik ez dagoela, eta Gironak ere lehiatzen badaki, baina guk gogo handia jarri dugu Kopan aritzeko eta Gernikako herriari sorpresa polit bat eman nahi diogu», azaldu zuen, bestetik, Itziar Ariztimuñok.

KOLORE BERDEA

Bezperako agur instituzionalaren ondoren, komunikabideen aurrera ere atera ziren atzo Kutxabank Araskiko jokalariak. Gasteiztarrek ere 250-300 zale inguru eramatea ziurtatu omen dute.

Arabarrek etxeko taldea, Zaragoza, izango dute aurkari, baina Maria Asurmendi kapitainari jaramon eginez gero, pozarren daude Araskiko jokalariak horregatik. «Girona, Perfumerias Avenida eta Valentzia saihestu ditugula final-laurdenetan esan nahi du. Ez nuke Zaragozaren lekuan beste aurkari hauetako bat ere nahi nire aurrean», onartu zuen antolatzaile iruindarrak.