GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Torturatzaileen saria, torturatuen mespretxua


Iragan ostegunean Guardia Zibilaren teniente jeneral Arturo Espejok Kongresu espainolean egin zuen agerraldiari esker egiaztatu zen Mikel Zabalzaren heriotzarekin zerikusia izan zuten agenteetako bat Guardia Zibileko aginte mailarik gorenetako batean dagoela. Fernando Grande-Marlaska ministroak izendatu zuen, epailea zela salatutako torturak ez ikertzeagatik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak zazpi aldiz zigortu zuen berberak, hain zuzen. Mikel Zabalza atxilotuta zegoela hil izana azaltzeko bertsio ofiziala, bat-bateko ihesaren hipotesia, Lakuako Gobernuaren txosten baten arabera, «oso gertagaitza da, sinestezina, besterik ez esatearren». Txosten hori bat dator egindako torturen ondorioz hil zela uste zutenekin. Torturen ondorioz hildako beste bat, ez baitzen salbuespena izan.

Ez da salbuespena, era berean, tortura kasuekin zerikusia izan duten poliziak saritzea, are epaitu eta zigortu izan dituztenei indultua eta domina ematea ere. Hori da ustezko zuzenbide estatu baten gobernuaren prozedura. Oraindik Mikel Zabalza eta polizia-etxeetan torturatuta hildakoak biktima gisa aitortu ez dituen gobernuak torturatzaileak saritu eta torturatuak mespretxatzen ditu, milaka mespretxatu ere, datu ofizialen arabera gutxienez 5.379 tortura kasu izan baitira. Ez dira berriak, beraz, ez zigorgabetasuna ez Estatua haren berme izatea. Hego Euskal Herrian ez du inor harritzen praktika sistematiko eta masiboa izan dela jakiteak eta horrela izan da inpunitate bermeari esker; Estatuak torturari eta legez kanpoko beste prozedura batzuei eskaini dien inpunitate bermeari esker; besteak beste, kasu honek erakusten duen bezala. Zigorgabe eta sarituak beste behin ere eta, Egia Zor fundazioak dioen bezala, «dagoeneko gehiegi dira».

Gobernu espainolen ohiko prozedura hori zigorgabetasunari ez ezik, torturari berari ere bide ematea da, eta tortura bere praktiketako bat dela agerian utzi du behin eta berriz Estatuak berak, jazarri beharko lituzkeen delituak ontzat jo eta saritzen dituen horrek. Zer ulertu behar dute herritarrek? Tortura meritua dela? Agian sinetsarazi nahi dute ez zekitela inpunitatea bermatu dietenen ibilbidearen berri. Hori haien bertsio ofizialak sinestea bezain zaila da, ordea.