GARA Euskal Herriko egunkaria

«AHAZTEZINA» IZATEN ARI DENAZ «DISFRUTATZEKO» ABAGUNEAREN BILA

Gaur bukatuko da Ohorezko Mailako liga erregularra. Bera Bera eta Zuazoren arteko derbia jokatuko da Gascan (13.00etan) eta Beti Onak-ek Elx jasoko du (19.00etan). Egoera zeharo ezberdinean daude hiru euskal taldeek, baina ez dira ahazten gozatzeko helburuaz. Menendez, Permach eta Sans jardun dira GARArekin hizketan.

Zuazo eta Bera Beraren arteko euskal derbia, lehen itzulikoa; irudian, bizkarrez, Izei Permach eta Alba Menendezen arteko lehia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ezer gutxi dago jokoan» liga erregularraren azken jardunaldi honetan, fase erabakigarria hasteke dagoelako, hain zuzen ere. Euskal taldeei dagokienez, jada ezagutzen dute zein izango den beren lehia bigarren fasean, eta bakoitza egoera zeharo ezberdinean dago. Bera Bera erregulartasunean txapeldun geratu da; aise, gainera: «Aurrena geratzeak badauka bere garrantzia, kantxa faktorea alde daukagulako eta Europarako sailkatzea eskura daukagulako, baina egia da jokatu egin behar direla orain datozen partidak eta orain arte egindakoak ez duela ezertarako balio».

Alba Menendez (Zarautz, 1991) kapitaina argi mintzatu da, eskarmentuak eskaintzen duen patxadarekin. Bere hamalaugarren denboraldia jokatzen ari da eta onartu du jarraitutasun aldetik bere «eskasena» dela. Sudurra hautsi zuen sasoi hasieran, ondoren bizkarreko arazoak izan zituen, gero orpoan... eta azken asteetan ere kantxatik at ibili da. Baina zarauztarrak badaki noizko errekuperatu behar den. «Titulu garrantzitsuak orain datoz; dena berria da, bai guretzat bai ikusleentzat. Beste herrialdeetan antzeko zerbait egiten da eta formatua aldatzea horregatik etorri da, ikusgarriago egiten saiatzeko eta azken egunera arte publikoa engantxatua egoteko».

Izan ere, lehen sailkatutik hasi eta zortzigarrenera, liga irabazteko borrokan arituko dira. Bera Bera, lehen geratuta, zortzigarrenaren aurka arituko da -Motivo.co Gijon edo Granollers, azken jardunaldian erabakiko da-, bi partidako kanporaketan. Lehendabizi, baina, euskal derbiarekin agurtuko du liga erregularra, «soso samarra, jokoan ezer edukiko ez duen» derbia, hain zuzen ere.

«ERRETA GAUDE»

Zuazo azken-aurreko sailkatua da eta honek ere aspalditik daki jaitsiera saihesteko borrokan arituko dela; gainera, «puntu gutxirekin» abiatuko du aipaturiko bigarren fasea. Gorengo mailan jarraitzea nekeza izango da bizkaitarrentzat. Hala onartu du Izei Permachek (Zarautz, 1999). «Nekatuta nago, erreta, ez dizut gezurrik esango», esan du aho-bizarrik gabe.

«Egoera zail eta konplikatuan iristen gara liga erregularreko azken partidara. Bereziki konplikatua ari zaigu egiten urte hau, bai alderdi ekonomikotik bai joko aldetik, ez garelako gai izan ez soilik jarri genituen helburuak lortzeko, baizik eta emateko geneukan hori guztia emateko. Nire iritzia da pixka bat erreta gaudela, zoritxarrez», onartu du zintzotasunez.

Ez da euskal derbira iristeko sentsazio egokiena, baina Zuazoko piboteak argi dauka «presioak uxatu» eta azken txanpa honetan «disfrutatzen saiatu» behar dutela. «Disfrutatzea geratzen zaigun hilabete eta erdi hau; presio txar hori kenduta, elkarrekin disfrutatzea. Hori da egin ahal dugun onena, ze puntuei begira jartzen bagara, geure buruari jartzen badiogu presio hori...».

Hiru punturekin abiatuko da Zuazo jaitsiera fase horretara eta zenbakiak egiten hastea «okerrerako» izan daitekeelakoan dago Permach. «Oso zaila da, partida guztiak irabazi beharko genituzke eta orain arte, hogeita bat jardunalditan, ez gara gai izan bi partida jarraian irabazteko», azaldu du.

ELITEAN SENDOTZEKO HELBURUA

«Ahaztezina», baina zentzu onean, ari da izaten denboraldia Beti Onakeko jokalari Macarena Sans (Mendoza, 1996) argentinarrarentzat, bai maila pertsonalean bai taldean. Arantza bakarra, ligaren formatu berritua da, «kontran» etorri zaiena: «Orain arteko formatuan honezkero salbazioa eskuetan edukiko genuke. 15 puntu batu ditugu, baina jaitsiera ekiditeko borrokatu beharko dugu». Dena dela, itxaropentsu agertu da, lan erdiak egin baitituzte: 9 edo 10 punturekin iritsiko dira -laugarren taldea zein den ikusteke dago, Granollers edo Gijon-. Hala ere, nabarmendu du «agonikoa» izango dela datorren hilabetea, partida asko pilatuko direlako epe motzean eta borroka estua izango delako.

Oro har, «denboraldiko balantzea positiboa da. Gabonetako oporretatik bueltan makalaldi bat izan genuen -talde berria izatearen sorpresa faktorea ahultzen joan zelako, beste taldeak indartu egin zirelako...- eta zenbait partidatan eskarmentu falta ere sumatu dugu, baina Gijonen irabazi ondotik lortu genuen buelta ematea». Beste bi partida irabazita liga erregularra 8. bukatu zezaketela, pena hori dauka.

HIRU JOKALARI, HIRU BEGIRADA

Duela bi urte iritsi zen Atarrabiara Sans, 2021eko igoera fasean Beti Onaken fitxaketa gisa. Ez zuen lortu orduan; bai, ordea, hurrengo urtean. «Oso kontent» sentitzen da Beti Onaken, proiektu sendo baten giltzarri: taldeko bigarren golegile nagusia da, 64 golekin. Bere estreinako urtea izan da Ohorezko Mailan, eta onartu du «jauzi handia» dagoela, bai mailari dagokionez, baita bidaiei dagokienez ere: «Denboraldi hasieran bi bidaia Galiziara eta beste bat Malagara batu zitzaizkigun eta konplikatua izan zen egokitzapena; zorionez, kluba ondo portatu da eta bidaia erosoak egin izan ditugu. Beste klub batzuen egoera konplikatuagoa da».

Zuazorena, hain zuzen ere. Permachek bigarren urtea du Barakaldon eta, beraz, Ohorezko Mailan. Asko eskertzen du talde bizkaitarrak emandako aukera, gorengo mailan lehiatzekoa, alegia: «Iritsi nintzenetik, nire lekua izan dut taldean, nire rola eta, alde horretatik, oso beteta sentitzen naiz». Hurrengo urtera begira, «egoera ideal bat ematen bada, aurtengo dinamika aldatzeko gai bagara, jarraitu nahiko nuke; baina, erraza da esatea eta, beraz, ez dakit».

Hiruretatik Menendez da eskarmentu handiena duena. Etorkizun hurbilari begiratzen dio, Kopa ere jokatuko baitute hurrengo astean, azken urteotan hainbeste buruhauste eragiten ari zaien txapelketa. Taldea sentsazio onekin ikusten du, «denboraldi hasieratik, bide oso onean aritu gara, hazten» eta horri eutsi nahiko diote; «gainera, neguan iritsi ziren bi fitxaketak [Elke Karsten argentinarra eta Marie Louis frantziarra] segituan egokitu ziren taldera eta horrek urrats bat gehiago egiten lagundu digu». Pertsonalki, «astebete geratzen zait sentsazioak berreskuratu eta berriro %100ean Alba izateko», adierazi du.