GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Bells Beach 2023: Olatu oso eskasak, baina une zinez gogoangarriak

Itsasoak ez zuen lagundu Bells Beacheko urautsi mitikoan egin zen CT itzuliko laugarren lehiaketan, baina une gogoangarriak izan ziren. Tyler Wright eta Ethan Ewing gailendu ziren, Owen Wrightek agur esan zion lehiari, eta Occyk Curren garaitu zuen.

Bells Beacheko irabazleak, Wright eta Ewing. Ondokoan, Owen Wright, eta ikurrin bat. (WORLDSURFLEAGUE.COM.COM)

 

Itsasoak ez zuen lagundu Bells Beacheko munduko txapelketan, baina izan ziren kontuan hartzeko gauza gogoangarriak. Lehia hertsiaz harago, ikusle eta jarraitzaile andanaren arreta bereganatu zuten gertakariak ere izan ziren. Batetik, Owen Wright surflari australiarraren agurra eta, bestetik, Tom Curren eta Mark Occhilupo surflari helduen arteko buruz burukoa.

Eguraldiak eta itsasoak ez zuten lagundu WSL itzuliko laugarren txapelketan. Itsaski handiekin ikuskizun paregabea eskaintzen duten Bells Beacheko eskuin olatuak ez ziren agertu aurtengoan, eta gainera euria eta haize narrasa izan ziren. Hala ere surflariek, ohiko moduan, ikuskizun ederra eskaini zuten.

Lau australiar izan ziren finaletan. Ryan Callinan eta Ethan Ewing mutilen kategorian, eta neskenean, ostera, Molly Picklum eta Tyler Wright. Ewing eta Wright nagusitu ziren eta, horri esker, ranking orokorretan gora egitea lortu zuten.

Mutilen rankingean aldaketa nabarmenak izan ziren CT itzuliko laugarren txapelketaren ostean. Egun Joao Chianca brasildarra da buru; Jack Robinson australiarra, berriz, bigarren postura jaitsi da; Filipe Toledok hirugarren postuan jarraitzen du, eta Ethan Ewing laugarren postura igo da. Beraz, bi australiar eta bi brasildar daude lehen lau postuetan, eta horrek esan nahi du brasildarrek nagusitasuna galdu dutela oraingoz.

Nesken rankingean ez da aldaketa esanguratsurik izan, Molly Picklumek lehenengo tokian jarraitzen du; haren atzetik, Tyler Wright bigarren postuan da; Carissa Moore hirugarrenean, eta Caitlin Simmers gaztea laugarrenean.Aste honetan bertan hasiko da Australia mendebaldean WSL itzuliko bosgarren txapelketa, Margaret River urautsian egiten dena, eta horren ondoren etenaldi bat izango da lehen mailako itzulian, lehiakide kopurua erdira jaitsiko baita.

ADIO OWEN WRIGHT

Ethan ewingek kanporatu zuen hirugarren errondan, baina hala ere pozarren agertu zen owen wright jendaurrean, eta ikusleen babesa jaso zuen. bere familiarekin atera zuen argazkian euskal herriko jarraitzaileak ere lagun izan zituen, beheko argazkian ikus daitekeen moduan.

2015ean istripu larria izan zuen Wrightek Pipelinen, buruarekin arrezifea kolpatutakoan. Lan handia egin zuen lehen mailara itzultzeko, baina, helburua lorturik, adio esateko unea iritsi zela erabaki zuen australiarrak.

Adio esateko hautatu zuen txapelketa, gainera, bere arrebak irabazi zuen. Horregatik, poza bikoitza zela aitortu zien eskerrak eman zizkien jarraitzaileei eta lagunei, bere familiarekin egin zuen agerraldian.

Owen Wrighten agurra ez zen izan Bells Beacheko txapelketako une hunkigarri bakarra. Surfaren historian izan diren txanda historiko batzuk 80ko hamarkadan eman ziren Marc Occhilupo eta Tom Currenen artean, eta lantzean behin kondairetako bi lagunak elkarrekin itsasoratzen dira, australiarren eta estatubatuarren artean izan zen lehia gogorra oroitzeko.

 

OCCHILUPO VS. CURREN

Bi surflariek ezin hobeto irudikatzen dituzte surfa ulertu eta egiteko modu desberdinak. curren oso teknikoa eta zentzuduna da, inoiz ez du akats larririk egiten. occy, aldiz, salbaia da, oso gaizki edo oso ongi ibiltzen da, ez dago erdibidekorik. curren erregularra; edo naturala; da; hau da, surflari gehienen moduan eskuin surflaria da. occy, ostera, goofya; da, ezker surflaria.

Lantzean behin bi surflarien arteko buruz buruko txapelketak antolatzen dira sasoi bateko txanda gogoangarri haiek gogoratzeko, eta beti itzelezko ikusmina sortzen dute. 2014an Jeffeys Bayko eskuin olatuan lehiatu zirenean, Curren nagusitu zen. 2019an Bells Beachen lehiatu ziren, eta orduan australiarra nagusitu zen. Eta aurten berriz lehiatu dira Bells Beachen, eta berriz ere Occy nagusitu da.

Olatu eskasak izan ziren joan den apirilaren 10ean, metro eta erdiko olatu narrasak, baina ikuskizun bikaina eskaini zuten 57 eta 58 urte dituzten bi surflariek. Currenek 7’53 puntu jaso zituen olatu luze batekin hasi zuen txanda. Occyk ordea zutik jartzen ere ahantzi zuela zirudien, olatua hasi orduko erortzen baitzen.

Currenek olatu luzeak egin zituen, bira askorekin; eta Occyk olatu laburrak egin zituen, baina bira oso indartsuekin. Nolanahi ere, puntu gehien jaso zituen olatua australiarrak egin zuen; 8 puntukoa, bira bakar batekin.

Azkenean, Occy nagustu zen 13’5 puntuz (8 + 5’5). Currenek, ostera, 12’84 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin (7’53 + 5’31). Bi surflariek elkar zoriondu zuten, eta hondartzan jarraitzaile gazteen txaloak jaso zituzten.