GARA Euskal Herriko egunkaria
BATELAK

Deustu eta Zierbena, Bizkaiko txapeldunak; Donostiarra, Gipuzkoan


Atzo jokatu ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako Batel Txapelketetako finalak. Bizkaitarrek Sestaoko uretan izan zuten hitzordua, eta gipuzkoarrek, Pasai Donibanen.

Bizkaiko Txapelketarekin hasita, hamabi maila desberdinetan jokatu ziren estropadak. Seniorrei dagokionez, Deustu izan zen onena emakumezkoetan, eta Zierbena, gizonezkoetan. Deustuarrek 3,90 segundo atera zizkioten Kaikuri, urrezko domina eskuratzeko; eta hirugarren postua Isuntzarentzat izan zen 16,90 segundoko atzerapenarekin. Gizonezkoetan, Zierbenak tarte handiak atera zituen finalean. Santurtzi izan zen bigarrena 11,59 segundora, eta Isuntza hirugarrena, 19,33ra.

Beste mailetan, aipagarriak izan ziren Kaikuren emaitzak, urrezko lau dominekin: alebin mistoan, infantil mistoan, kadete nesketan eta jubenil nesketan. Ondarroak ere bi mailetan irabazi zuen: infantil nesketan eta jubenil mutiletan.

Gipuzkoan, emakumezkoen senior mailan ez zen txapelketarik izan, eta gizonezkoetan Donostiarra izan zen azkarrena, Ur Jokori 3,98 segundoko aldea aterata.

Beheko mailetan, Hernanik bi garaipen erdietsi zituen: infantil nesketan eta promesa nesketan; eta Tolosaldeak beste bi: promesa mutiletan eta jubenil nesketan.