GARA Euskal Herriko egunkaria

Barrea


Behin apezpikua jin zen herri xahar, ttipi batean eta gauean denbora gaiztoa zen; ez joaten ahal eta erran zion apezari: Hemen egoten ahal naiz. Ta, a bai! Ta lo egiteko denboran apezak erran dio: Jauna, ez dut ohe bat baizik. Ohe bat baizik? Eta neskatoak non lo egiten du? Oi, joaten da etxera, ez dago urrun. Orduan biek, apezpikuak eta apezak, ohe berean lo egin dute. Eta sei orenetan goizean… Tan! Tan! Tan! Bortan tan!, tan! Eta apezak apezpikuari: Jaiki zaitez, Mari! Badago norbait!». Maialen Moreno Zubeldiak “Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan” liburuan jasoa du kontakizuna. ‘‘L’angélus’’ izenarekin, istorio honen bertsioa jaso zuen Antonin Perboscak “Contes Licencieux de l’Aquitaine” liburuan. Bietan eliza katolikoaren ordezkariak hartzen dira irrigarri, sexu kontuetan euren hipokrisia salatuz.

Izan ere, erlijioaren ordezkariak Elizaren boterearen adierazleak dira, eta irriaren bitartez botere hori salatzen dute herritarrek. Herri umorearen alde askatzailea aipatzen du Mikhail Bakhtin ikerlariak: «Erdi Aroan arrunt aberatsa zen barrearen herri kultura, bizi eta garatu izan zen ideologiaren gune ofizialetik eta literatura seriotik at. Izate ez-ofizial horri esker, barrea bere erradikaltasun eta askatasun zoragarriengatik berezi izan zen, bere argitasun gordinagatik». Eta udaberriko jaiotan, Ama Birjinarekin telebistan barre saioa egiteagatik, umoregileak epai bidean jarri nahi dituzte; ohe bakarra duten horiek.