GARA Euskal Herriko egunkaria

Ulertzen ez duenari buruz dihardu Etxeberriak «Kangaroo» liburuan

Martin Etxeberriaren ustez, denok dugu zer konpondu gure baitan, berak ere bai, eta hori egiteko saiakera izan da “Kangaroo” (Elkar). Poesiaren bidez bizitzari zuzendu dio begirada, ulertzen ez duen arren, ideiak antolatzeko asmoz.

Martin Etxeberriak poesiari ekin dio bere bakarkako ibilbidean. (Jon URBE | FOKU)

Ikerlari mendebaldarrak Australiara iritsi zirenean, kangurua ikusi, eta bertakoei animalia bitxi haren izena zein zen galdetu zien biologo batek, eta hauek «kan ghu ru» erantzun zuten. Biologoak fin apuntatu zuen «kangaroo», animaliaren izena zelakoan, jakin gabe aborigenak «ez dizut ulertzen» esaten ari zirela.

Horiek hala, animaliak izen hori du ingelesez ordutik, eta anekdota horrekin hasten da Martin Etxeberriaren “Kangaroo” (Elkar) poema liburua. Berak azaldu duenez, nahiz eta istorio hori umoretsua izan, poemak nahiko ilunak dira. Gertaera hori aukeratu du bere bikotekideak esaten diolako ez dituela bere poemak ulertzen, «eta nik esaten diot nik neuk ere ez dudala bizitza ulertzen». Hala, “Kangaroo” ulertzen ez dituen gauzei buruz idazteko aitzakia bat da.

Xabier Mendiguren editoreak atzo Donostian egin zuten aurkezpenean aipatu zuen Etxeberriak anaiarekin batera idatzi dituela beste generoetako liburuak baina bere kabuz ekiten diola poesiaren bideari.

Izan ere, bost urtetik behin edo ematen du poemario bat. «Ez du hiztegi arraroa erabiltzen, baina aldi berean ez du poesia erraz eta sinplea egiten; interpretatu egin behar da, surrealista da batzuetan», adierazi zuen.

ERREALITATEARI BIRA BAT

Etxeberriak esan zuen errealitatea eta mundua mugitzen ez diren zerbaiten gisara hartzen diren arren, bere ustez, begiratzen dituen begiaren arabera eraldatu egiten dira. Ildo horretan, bere helburua izan da galtzea eta lurralde ezezagunetara bidaiatzea, «ez hainbeste buruan dudana ateratzeko, gordeta dagoena aurkitzeko baizik».

«Nahiko korporalak, inkluso genitalak» atera zaizkio poemak; azaletik haragira pasatzeko ahalegina egin du, eta gorputza, biluztasuna edota infernua iradokitzen dira. «Iluntasuna topatu dut, izen bat eman diot eta neure egiteko ahalegin bat egin dut», esan zuen. Bere iritziz, denok dugu -berak ere bai- zerbait iluna edo minak, edo hainbeste gustatzen ez zaigun zerbait, edo konpondu beharrekoak.

Mendigurenek galdetu zion hiru seme-alaba izanda, eta lanpostu garrantzitsu bat, ea nola batzen den hori ikuspuntu horrekin. Erantzunez, Etxeberriak adierazi zuen kasu batzuetan norbaitek kexatzeko ezer ez duela iruditu arren denok ditugula gure kezkak. «Nire bidetik azaldu nahi dut nik nire buruarekin konpondu beharrekoak ditudala, baina ez naizela berezia horregatik», azpimarratu zuen.