GARA Euskal Herriko egunkaria
ARARTEKOAREN TXOSTENA
Elkarrizketa
MANU LEZERTUA
EAEko Arartekoa

«Administrazioari ‘txartel horia’ atera diogunean emaitza onak eman ditu»

Gasteizko Parlamentuan urteko txostena aurkeztu berri du Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak. Osakidetzari jarritako kexei dagokienez, Manu Lezertuak uste du «Osasun Saila sortutako arazoak kontuan hartzen» ari dela, baina hartutako neurriek «beharbada lau edo bost urte barru» izango dutela eragina.

(Argazkiak: Andoni CANELLADA | FOKU)

Osakidetzaren zerbitzuari dagozkion kexak %220 hazi dira azken urtean, kexa guztien %12, Gasteizko Legebiltzarrarentzat Arartekoak egindako 2022. urteko txostenaren arabera. EAEko Arartekoa den Manu Lezertuak agertu du «fenomeno nahiko berria» dela eta kexen «zati bat pandemiarekin lotutakoak» izan direla, baina arazo berriak ere identifikatu dituztela. Izan ere, arazo gehienak lehen mailako arretan izan dira, funtsezko arretan: diagnostikoak egiteko frogen atzerapena, hitzorduak lortzeko zailtasunak...

NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan txostenaren balorazioa egin du Lezertuak, baita bere lanarena ere.

Inoiz ikusi dituzu horrelako datuak Osakidetzari edo osasun zerbitzuari dagokionez? Kexaren batek arreta eman dizue?

Ez, nahiko fenomeno berria dugu. Egia da asko igo direla. Uste dut mota bi daudela: parte bat pandemiarekin lotutakoak izan dira, eta bestea, agertu berri diren arazo berriak. Gehienak atzerapenekin lotutakoak izan dira; adibidez, diagnostikoak egiteko frogak atzeratu egin direla, zitak lortzeko zailtasunak... Lehen mailako arretan, funtsezko arretan, problema ugari izan da.

Uste dut epidemiak eraginda izan dela hori. Ondo funtzionatzen zuen sistema orain estres eta presio handia sufritzen ari da. Arlo askotan nabaritzen da hori.

Bilerak izan dituzue Osasun Sailarekin, eta gomendio batzuk helarazi dizkiozue. Ondo jasoak izan dira proposamenak? Honen soluzioa non egon daiteke?

Gomendioak prozedura bukatu ondoren egiten ditugu. Kasu honetan, bilera oso luze bat izan genuen, non sailburuari aurkeztu genizkion izan genituen kexa motak, eta azaldu genion guregana datozen herritarrek zer planteatzen duten osasunaren arloan.

Arazoak eta proposamenak kontuan hartzen ari direla ikusten dugu, baina irtenbideak batzuetan ez dira errazak. Gaur hartzen diren neurriek beharbada eragina izango dute lau edo bost urte barru. Bereziki, nabaritzen den medikuen falta ezin da egun batetik bestera konpondu.

2022an aurkeztu ziren kexa guztietatik %47tan kexaren sorburua Administrazio publikoak egindako errore edo akats batean zegoen. Gainera, 46 kasutan Arartekotik Administraziora jo zenuten, behar bezala erantzun ez zutelako.

Ararteko izendatu nindutenetik saiatu naiz elkarrizketak izaten. Europatik nator, eta diplomazia mundu horren metodologia erabili dut hemen ere. Kasu batzuetan ez zuten ongi erantzun, eta haserretu eta “txartel horia” atera diegu. Horrek emaitza onak eman ditu, gehienek berehala erantzun dute.

Esango zenuke ezohiko egoera izan dela, batez ere pandemiak eragindakoa?

Bueno, baziren kasuak lehen ere, baina egia da joan den urtean askoz kasu gehiagorekin aurkitu garela, eta hori ez da onargarria. Herritarren babesak porrot egiten du horrelako jarrerekin. Beraz, ohartarazpenak bidali dizkiegu esanez Kode Penalaren kontrako jarrerak izaten ari direla eta, horrela jarraituz gero, fiskalarengana joango garela.

Martxoan ezagutu genuen bi euskal espetxetan, Martutenen eta Zaballan, preso bana hil zirela 24 ordu eskasean. Kasu honetan ofiziozko ikerketa abiatu zenuten. Ohikoa izaten da ofiziozko ikerketak abiatzea?

Horrelako kasuetan, pertsona bat espetxean edo polizia etxean hiltzen denean, beti egiten dugu gauza bera. Agian batzuetan ez da inoren errua izango, baina begiratu behar da ea protokoloak bete diren, ea kontrolak egon diren, ea gauzak ondo egin diren… Hori da Arartekoaren lana.

Mota ezberdineko egoeretan erabiltzen dugu ofiziozko ikerketaren tresna hori. Esate baterako, antzekoak diren kexa pertsonal asko daudenean.

Kartzelako bi heriotza horiei begira, zein puntutan dago ikerketa?

Ikerketa egiten ari dira. Eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari azalpen guztiak emateko. Momentuz ezin dizut gehiago esan.

Ararteko moduan, hausnarketa ere eskatu duzu ahalmenen inguruan bereziki. Gaur-gaurkoz ez dituzu ahalmen zigortzaileak. Aldiz, Nafarroan orain gutxi horretarako ahalmena eman dute. Zuk ere nahiko zenuke hori?

Gutxienez hausnartu egin behar dugula uste dut. Nafarroako Arartekoari bere esperientzia zein zen galdetu nion eta bera nahiko baikorra zen. Ez du erabili botere hori, baina, botere hori duela jakinda, erantzun positiboak izan ditu.

Nire partetik, hori eta beste hobekuntza batzuk planteatu ditut. Ikusteko dago ea Legebiltzarrak onartzen dituen edo ez. Ekainean egingo dugu mintegi oso handi bat Europako eta Espainiako arartekoekin, bakoitzak izan, ikusi edo praktikatu dituen hobekuntza batzuk gureganatzeko eta ikusteko ea Euskal Herrian erabil daitezkeen.

Arartekoaren figura dela-eta, zertan hobe dadin nahiko zenuke?

Aukera asko daude, eta oso esperientzia positiboak. Esate baterako, Andaluzian, bitartekaritzaren arloan botere berriak sartu dizkiote arazo kolektiboei irtenbideak bilatzeko eta zerbitzu bereziak sortu dituzte horrelako arazoei irtenbide orokorrak bilatzeko. Katalunian ere bai.

Iritsi zara hau Legebiltzarreko kideekin partekatzera?

Niretzat aurtengo lehentasuna izango da hori martxan jartzea. Euskadi izan zen aitzindaria Arartekoaren legearekin, eta uste dut erakunde hau forma onean mantendu behar genukeela.

Orain arteko bideari buruz balorazioa egitekotan, zelako zaporea duzu?

Ohore bat da jendea lanpostu honetatik laguntzea, ahal dudan neurrian. Frustrazio asko ere sortzen dira ezer egin ezin duzunean, nire eskumenetatik kanpoko egoerak baitaude. Baina orokorrean konponbide asko lortu ditugula uste dut. Beste ararteko bat etorriko da gero; beraz, inportantea da erakundea sendotzea herritarren eskubideak modurik onenean babesteko.