GARA Euskal Herriko egunkaria
ERREPLIKAK

Ez da inoiz horrelakorik ikusi

Muturreko zailtasunean diharduten eskalatzaile ugari bloke horren sareetan erori dira eta xede futuristen inguruan urrats bat egin da.


Ez kirol eskaladan, ezta boulderran ere. “Burden of Dreams”-en gertatu dena berezia da oso. Xede futuristen inguruan argi dago urrats bat egin dela. Eta argi dago muturreko zailtasunean diharduten makina bat eskalatzaile bloke horren sareetan erori direla.

Berez, ez da egungo gai bat. Garai batean, kirol eskaladan Jean-Baptiste Tribout eta Patrick Edlinger frantziarren arteko “lehia” ikusi zen. Garai bakoitzak antzeko egoerak izan ditu, baina globalizazioa eta sare sozialak iritsi direnetik muturreko proiektuek jaso dituzten “erasoak” erabat ugaritu dira. Iaz, adibidez, Loruns-en eta Flatanger-en Ondrak eta Schubert-ek elkarrekin eginiko lan saioak ikusi genituen. Eta “Excalibur”-en Bosi, Ghisolfi, Schubert eta Ondra.

Boulderrari dagokionez, “Burden of Dreams”-ek muturreko espezialistak batu ditu: Raboutou, Ghisolfi, Bosi, Nakajima, Roberts, Iagnemma, Woods, Webb, Graham, Gelmanov, Timonov… Sare sozialetan zintzilikatutako bideoetan hori guztia ikusi da.

Amets hori egia bihurtzeko, Hukkataivalek eta Bosik lau metroko garaiera duen granitozko panel batean gogor jardun behar izan dute. 43° eta 54° arteko eroria du, eta soilik bost mugimendu askatu eta lotu behar dira arrakasta izateko. Heldulekuak, berriz, 1,3 eta 3 zentimetro artekoak. Bost mugimendu bakarrik, Bosiren arabera honako zailtasuna dutenak: 8b+/c, 7c, 7c+, 7a/b eta 8a.

Hukkataivalek berak honako azalpena eman zuen: «Gehiegikeriarik gabe. Erabateko indarra bakarrik». 2016. urtean izan zuen arrakasta hori, baina “Burden” biribiltzeko lau urte behar izan zituen.

Finlandiarra bera izan da lehena, eta hein handi batean ez da harritzekoa. “Burden” Helsinkitik ehun kilometrora dago. Oihan batean, bakar-bakarrik. Horregatik guztiagatik, “Burden”-ek ez zuen inor erakartzen. Baina azken bi urteotan egoera hori irauli da. Eta horren “errua” arestian aipatu dugun errepliken fenomenoak du.

Mugimendu artifizial horiek taula batean sortzea oso ohikoa egin da. Muturreko espezialista asko fenomeno horretan buru-belarri ibiltzen dira. Jakina, askoz ere erosoagoa da lana egiteko, klimaren baldintza txarrak saihesten dira, mugimenduak menderatu daitezke eta batez ere proiektuaren giltzari azpimarra jartzen diote.

“Burden”-en erreplika erabiltzen lehena Aidan Roberts izan zen. Bitarteko teknologiko zehatz batzuk baliatuta, 3D formatuan “Burden” eskaneatu zuen. Vadim Timonov-ek ere beste bat sortu zuen, baina askoz ere soilagoa: «Egin dudan inbertsio ekonomikoa 5 eurokoa izan da».

Ziur aski, lehen lerroko eskalatzaileentzat erreplikak etorkizuna izango dira. Momentuz dakiguna da “Mimic Holds” enpresa estatubatuarra boulderreko erreplikak egiten hasi zela duela bost urte publiko orokorrarentzat. Batzuek diote “Burden of Dreams”-en erreplika merkaturatzen hasiko dela.