GARA Euskal Herriko egunkaria
33 URTE, ARREGI ETA LIZARRALDE IRUNBERRIKO ARROILAN HIL ZIRENETIK

Rubenachen amnesiaren ilunean, argi izpi bat: «Neska ez da hiltzen»

Berrosatu diren Irunberriko arroilako gertaera latzetan bada ondorio bereziki etsipengarri bat: jazotakoa argitzeko German Rubenachen nahi eta ezina. Bizirik atera arren, amnesia peritraumatikoa du betiko. Baina zerbait piztu zitzaion barruan, bere bikotekide Susana Arregiri buruz galdetu ziotenean.

Irunberriko arroila ikusgarri eta beldurgarrian, Susana Arregi eta Jon Lizarralde oroitzeko ekitaldia, 2010. urtean. (Iñigo URIZ | FOKU)

GAR taldeko guardia zibilek (ez dakigu zenbat zeuden han) eta German Rubenachek -orduan ETAko kide zenak- baino ezin izango lukete azaldu 1990eko ekainaren 25eko eguerditik hurrengoaren goizaldera arte Irunberriko arroilan gertaturikoa. Eta batez ere Susana Arregi eta Jon Lizarralde nork, nola eta noiz hil zituen. Beste inork ez. Izan ere, Guardia Zibilak pasabide horren bi sarrerak -bi tunel dira- itxita izan zituen 20 ordu haietan, ETAren aurka inoiz izan den polizia operazio luzeena burutzeko.

Baina guardia zibilek ez dute inoiz argitu nahi izan. Eta Rubenachek ezin du gogoratu.

Pako Aristik idatzitako “Negarraren arroila” ikerketa liburuak ondorio samingarri honetan sakontzen du, auzia 33 urte hauetan argitu ezin izanaren gako nagusienetakoa baita. Amnesia peritraumatikoa pairatzen du German Rubenachek, arroilan buruan jasotako tiroaren ondorioz; ez zen hil, baina oso larri zauriturik atera zuten handik. Eta bizi osorako izango du, sendagileek azaldu dutenez.

Umetan honelako lesio bat jasanez gero, ehun eta neurona horiek birsortu daitezke eta oroitzeko gaitasuna berreskuratu, baina helduaroan gertatu zen (25 urte zituen Rubenachek 1990. hartan). Hortaz, Guardia Zibilarekin talka egin zuteneko unea gogoratzen du -Jose Luis Hervas agentea hil zuten ETAkideek-, bai eta handik korrika atera zirela ere, baina gerokoak ez.

Kontuak honela, hilketak argitze aldera, inolako ekarpenik egin ahal dezake Bilbon jaio eta Iruñeko Arrotxapean hazi zen militanteak? Ezetz dirudi. Baina agian bai, Aristik hausnartu duenez.

Idatzizko deklarazioa

Itzul gaitezen 1990eko ekainera. Auzitegi Nazionalaren aginduz, lehen itaunketa bost egun geroago egin zioten Rubenachi, Iruñeko erietxean zela, Zaintza Intentsiboetako medikuaren aurrean. Hitz egin ezinean zegoen, besteak beste, tiroaren ondorioz, mingaina zulatuta zeukalako; eta horregatik erantzunak idatzi egin behar izan zituen, hitz oso gutxiz eta letra larriz, euskaraz.

Zeharo nahasia eta kontraesankorra da «deklarazioa», horrela deitzerik bada, oso larri dagoen pertsona baten ondoezaren adierazle.

Baina une zehatz batean, bera eta Lizarralderekin Irunberrin zegoen neskak bere buruaz beste egin ote zuen galdetzen diotenean, «NESKA EZ DA HILTZEN» idatzi zuen German Rubenachek.

Bitxia bada erantzuna, eta honako hau Aristik liburuan ondorioztatzen duena: «Bere oroimen lanbrotsuan badira erantzun zentzudunak: ekintza bat egitera joan zirela, armak dauzkatela herria askatzeko, eta, batez ere, NESKA EZ DELA HILTZEN. Hor dago, agian, eman zioten bigarren tiroaren esplikazioa?». Argi izpi, errealitate flash moduko bat izan daiteke erantzun hori, idazlearen aburuz.

Izan ere, Susana Arregik buruan bi tiro izatea bertsio ofiziala guztiz ezinezko egiten duen aldagai nagusienetakoa da. Inork ezin du bere buruaz beste egin buruan bi tiro emanda, eta gainera distantzia ezberdinetatik, balistika frogek nabarmendu zuten bezala. Rubenachi Arregi hiltzea leporatzearen bitartez estali nahi izan zuen bertsio ofizialak «zulo» hori, baina Auzitegi Nazionalak tesia gezurtatu zuen 1995eko epaiketan eta arrotxapearra errugabe jo zuen.

Beste datu garrantzitsu bat ahaztu gabe: Arregi oñatiarra ez zen bakarrik Rubenachen ETAko taldekidea, bikotekidea ere bazen.

24 urte preso

Erietxean Rubenachi hartutako deklarazio guztiak Guardia Zibilaren presio larrien mende burutu ziren, bestalde, ETAko kidearen osasun egoera negargarriak baldintzatuta izateaz gain. Presio horiek auzi-instruktorearen gainean ere ezarri zituzten, Agoizko auzitegiko 29 urteko epaile bat, Maria Jesus Erroba izenekoa. Ospitalean nork agintzen zuen agerian uzteko edo, epaileari miaketa egin zioten guardia zibilek, bai eta Nafarroako abokatuen dekanoari ere, deklarazio horietako baterako bertaratu zenean.

Uztailaren 10ean egindako beste itaunketa batean (gertaerak izan eta bi aste geroago), ezustekoa hartu zuen epaileak: alboko ohean motxila bat utzia zuen guardia zibil batek, eta barruan dena grabatzeko magnetofono bat agertu zen. Hori gelatik atera eta galderei bide emandakoan, beste «ezbehar» bat: poliziakide bat aurkitu zuten ospitaleko gelako komunean, walkie-talkie bat eskuan, hau ere Rubenachek esango zuen guztia jasotzeko prest.

Zertxobait hobera egin bezain laster, Madrilera eramango zuten German Rubenach, eta hortik kartzelara, 24 urtez iraungo zuen espetxealdia abiatzeko. 2014an amaitu zitzaion zigorra, non eta Penintsularen kontrako muturrean, Puerto de Santa Marian.

Arroilarena argitu ezin izatea, ordea, bizi osorako zama izango dela sumatzen du Pako Aristik: «Ez dakigu berak zenbat sufritu ote duen ahanzturaren kondena honengatik, Irunberrin gertatu zena argitzeko inpotentziak zenbateraino mikaztu duen haren gogoa, zer sentitzen duen hildakoen senideekin aurrez aurre dagoenean, ezin ezer kontatu, ezin ezer esan zoritxarreko egun hartaz, irudirik ez oroimenean, hitzik ez ahora, dena ilun, beltz, dena gau -idatzi du liburuan-. Bera bizi da, besteak hil ziren: ez dago errurik, halere, ezintasuna besterik. Bukatzen ez den kondena, Irunberrin benetan zer gertatu zen jakin ezina».