GARA Euskal Herriko egunkaria
ALARMA JO DUTE SORTZAILEEK ETA IKUS-ENTZUNEZKOEK

Euskararen kultur sistemaren SOS deia alderdi politikoei

Bost eskakizun zehatz jarri zituen atzo Legebiltzarreko mahai gainean Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, sortzaileen prekaritateari konponbidea topatze aldera. Euskal kulturgintzaren egoera hauskorraren isla izan zen saioa, eta euskarazko ikus-entzunezkoen alarma-hotsa ere entzun zen Kultura, Euskara eta Kirol batzordean.

Amagoia Gurrutxaga, Garbiñe Ubeda eta Miel Angel Elustondo, Gasteizko Legebiltzarrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Nekatuta gaude kulturaren alde daudela esan bai baina kulturgileen aldeko neurri zehatzak planteatzen ez dizkiguten politikariez. Neurri zehatzak nahi ditugu. Ezinbestekoak zaizkigu, iraungo badugu», aipatu zuen atzo Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari ohi Garbiñe Ubedak Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean egin zuen agerraldian. Lanartean elkarteko partaide gisa aritu zen Ubeda, alegia, 2020an sortu zen Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen izenean, bazkidea baita beste hainbat sortzaile bezala.

Legebiltzarreko batzordeko saioa euskararen kultur sistemaren egoera hauskorraren adierazle izan zen. Pandemiak agerian utzi zuen kultura sektorearen prekaritatea; are handiagoa dena, euskaraz egiten den kultur ekoizpen eta sormenari buruz mintzatzen bagara. Mahai gainean, bi egoera: bat, sortzaile eta egileena, Lanartean-ek berak egin duen txosten batean islatuta; bigarrena, industriarena, zehazki ikus-entzunezkoen industriarena. Entzundakoa ez zitzaien gozoa iruditu oposizioko parlamentariei; ezaguna bai, ulergarria ez.

KATALUNIAREN ATZETIK ERABAT

Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak gaur egun 34 enpresa bazkide ditu. Marian Fernandezek, Ignacio Rotaetxek eta Mario Artetxek «egoera larri baten benetako argazkia» erakutsi zieten agerraldian talde parlamentarioei. Alegia, «2016. urtetik batez ere, sektorea trena galtzen ari dela». Ikus-entzule edo publiko galera gero eta handiago da baina, emandako datuen arabera, kezkagarriagoa da sektoreak berak euskal erakundeen aldetik pairatzen duen interes falta.

Datu batzuk: Estatu espainiarrak hizkuntza gutxituentzat bideratzen duen diru funts multzoaren banaketan, Euskal Autonomia Erkidegoa atzean gelditu izan da betidanik. 2008-2011 urteen artean, Kataluniak funtsen erdiak baino gehiago eskuratu zituen (%52); atzetik Galizia, Valentzia daude, eta laugarrena EAE da, %10ekin. 2021. urtera arte funts horiek geldirik egon dira, ez dira banatu, baina 2022an berriz martxan jarri zirenean Kataluniak bi heren baino gehiago jaso zuen (%71). Atzetik, laugarrena, Euskal Autonomia Erkidegoa, %7,2rekin. Funts horiek martxan jartzen diren proiektu eta inbertsioei ematen zaizkie; hau da, zenbat eta gehiago ekoiztu edo proiektu gehiago egin, laguntza gehiago jasotzen da.

Beste arazo bat dago: 2021ean, ohi bezala, gurean laguntzek gaztelaniazko ikus-entzunezkoen alde jo zuten nabarmen. Euskaraz eginiko ekoizpenek aurrekontuaren %25 jaso zuten; gaztelerazkoek, %75. Katalunian, Ibaiak aipatu duenez, sei milioiko aurrekontua gehitu dute katalanez soilik ekoiztuko diren telesailentzat: «Gurean, ordea, programa hauek ez dira gutxitu, izoztu egin dira».

Proposamen zehatzak egin zizkieten parlamentariei ikus-entzunezko sektoreko ordezkariek: Gobernuak bereizitako deialdia egin dezala euskarazko proiektuentzat, gaztelaniazkoekin lehian aritu behar ez izateko; eta datozen hiru urteei begira presazko neurri batzuk har ditzala eskatu zuten, dirulaguntza sendoak eman daitezela. Iaz, esaterako, 500.000 euro soilik eman ziren. Aurten, 2,4 milioi gehitu daitezela eskatu zuten.

SORTZAILEAK POBRETUTA

2020an sortu zen Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartea, nahiz eta pandemiaren aurretik martxan zegoen. Idazle, musikari, aktore, bertsolari, irudigile, kazetari, itzultzaile zein dantzariak, askotariko artistak, dira elkarteko kideak. Ohorezko bazkideen zerrendan, euskal kulturan itzal luzea duten izenak: Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Xabier Amuriza, Benito Lertxundi, Amaia Zubiria eta Joseba Sarrionandia, esaterako.

Amagoia Gurrutxaga, Garbiñe Ubeda eta Miel Angel Elustondo izan ziren Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean, elkartea aurkezteko eta sektore prekarizatu, hauskor eta funtsezko honek dituen gabeziak eta eskaerak ikusarazteko. «Gizarteak ez gaitu subjektu ekonomiko gisa ikusten; irudi erromantiko eta bohemio samarra dauka gutaz; hodeietan bizi garelakoan, txaloek eta noizbehinkako sariek asetzen gaituztelakoan. Gure entzule, irakurle eta erosle gehienen begietara ez gara langileak. Eta administrazioak ez digu ematen gure jardun profesionalak behar duen arreta eta errespetua», esan zuen Garbiñe Ubedak.

Kulturgileek, oro har pairatzen dituzten arazoez gain, hizkuntza gutxitu bateko langileak izatearen zama dute. Hori dela-eta, Madrilek onartu berri duen Artistaren Estatutua motz gelditzen zaie, ez baititu barne hartzen euskararen sisteman lanean ari diren langileon egoera bereziak. Esaterako, bertsolariena. «Neurri zehatzak nahi ditugu», aipatu zuten, «hil arteko tratamendu paliatiboak behingoz atzean utzita, hau ez baita plazebo kontua, hau politika kontua da». Miel Angel Elustondok argiki esan zuen: «Hau SOS dei bat da».



Bost eskari zehatz

Bost eskari zehatz egin zizkien alderdiei Lanartean elkarteak. Laburbilduta: bat, kulturaren kontzeptua sormenetik eraikitzea, «eta ez merkatuaren araberako industria ikuspegi hutsetik eta azpiegitura eta ‘evento’ erraldoienetik». Bi, hizkuntzaren faktorea zehar-lerro gisa ezartzea, sektoreari buruz egindako datu bilketa eta azterketa guztietan. Hiru, berebiziko garrantzia duena, arrazoizko Ogasun politika bat. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako lau ogasunei eskatzen diete euskal sortzaileen diru-sarrerak lan etekintzat hartzea, jarduera profesionalen etekintzat hartu beharrean. Horrek zer suposatzen du? JEZn alta eman beharrik ez izatea, BEZaren aitorpenik egin beharrik ez izatea, Ticket Bai sistema erabili beharrik ez izatea eta gizarte segurantzan Langile Autonomoen Erregimena ezarri beharrik ez izatea.

Lau, euskarazko kultur-proposamenen gutxieneko kuota bat ezartzea zirkuitu eta hedabide publikoetan, EITBn azpimarra berezia eginez. Eta bost, aurrekontuak handitzea euskaraz sortzen den kultura sustatzeko. A.E.