2023 API. 28 «Borroken maratoia» eginen dute erretreten erreformaren kontra Erretiro adina gibelatzeko legea onartua izan bada ere, ez da ziurra uda ostean indarrean sartuko denik. Borrokari eutsi behar zaiola adierazteko, ekimen berria eginen dute gaur sindikatuek: Hendaian hasi eta Baionaraino 49,3 kilometroko maratoia. Erreforma salatzeko lapiko-protesta bat Baionan. (Guillaume FAUVEAU) GARA BAIONA Maiatzaren Lehenerako deialdia ez da sindikatuek erretreten erreformaren aplikazioa trabatzeko bultzaturiko ekimen bakarra. Zehazki, hilaren 15ean aldarrikatu zuen frantses presidenteak erretiro adina 62 urtetik 64 urtera gibelatzea jasotzen duen erreforma. Hala ere, erreforma noiz sartuko den indarrean ez da batere argi. Gobernuaren asmoa da legea uda ostean plantan ematea. Edonola ere, sindikatuen esanetan, «borroka ez da finitua» eta tartea bada egitasmoa oztopatzeko. Are gehiago aintzat harturik frantses Parlamentuan mugimenduak badaudela oposizioaren eremu ezberdinetan, legea deuseztatzeko. Hori dela eta, CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, FSU eta Solidaires sindikatuek «borroken maratoia» antolatu dute gaurko. 49,3 kilometroko ibilbidea gauzatuko dute sindikatuek, erreforma pasarazteko Gobernu frantsesak Parlamentuaren botoa saihestea ahalbidetzen duen Konstituzioko 49.3 artikulua baliatu zuela salatzeko. Eguerdi aldera Hendaiako tren geltokitik abiaturik, 7,5 kilometro orduko abiaduran igaroko den martxa 19.30ean Baionako tren geltokira iristea espero da. PROTESTA FORMA BERRIAK Baionarako bidean, erreforma babesten duten Vincent Bru eta Florence Lasserre Macronen gehiengoko diputatuen eta Max Brisson Les Republicains (LR) alderdiko senatariaren bulegoen egoitzen ondotik pasatuko dira «lasterkariak». Borroken maratoiari bukaera emateko, zuziak piztuko dituzte Baionako karriketan. DEIALDIA CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, UNSA, FSU eta Solidaires zentralek osatzen duten intersindikalak dei «bateratu eta herrikoia» egin du Maiatzaren Lehenerako Baionan. Alta, «sindikatu nazionala ez dela-eta» LAB sindikatuari ez dio tokirik egin aliantza horretan.