2023 API. 29 ZUMETAREN USURBILGO HORMA-IRUDIAK 50 URTE BETE DITU Usoa Zumeta: «Eraiki gabe zegoen errelatoa sortu nahi izan dugu» 1973an hasi eta urtebete behar izan zuen Jose Luis Zumetak usurbildarrek ordutik beraiena sentitu duten horma-irudia sortzeko. Muralaren 50. urteurrena artxibo zaharretan arakatzeko baliatu du Usoa Zumeta alabak, Mikel Onandia lagun. Orain arte eraiki gabe zegoen errelatoa sortu nahi izan dute muralaren inguruan. Gaurtik maiatzaren 15a bitarte ikusgai dago emaitza. Gaurtik maiatzaren 15era arte egongo da irekita erakusketa Usurbilgo Sutegi kultur etxean. (Andoni CANELLADA | FOKU) Xole ARAMENDI USURBIL Bizitzari aurre egiteko oreka ematen zion artegintzak. Baita bizipoza ere. «Ez badut pintatzen, ez naiz ondo sentitzen. Oreka bilatzeko da eta bizitzeko gogoa». Jose Luis Zumetak esana da. Bost hamarkada joan dira Usurbilgo Udalaren eskariz 145 metro karratuko horma-irudia margotu zuenetik. Ospakizunaren harira bada berririk. Batetik, sorkuntza lana ardatz duen erakusketak ateak irekiko ditu gaur Sutegiko erakusketa aretoan. Maiatzaren 15a bitarte egongo da zabalik. Usoa Zumeta alabak eta Mikel Onandia EHUko irakasleak egindako ikerketa sakonaren emaitza da, orain argia ikusi duen liburua bezala. Bestetik, azken hilabeteotan kontserbazio lanak egin dira horma-irudian. Zumeta Arte Estudioa eta Udala eskuz esku aritu dira elkarlanean. 50 urte nahiko egoera onean bete dituen arren, behar zituen zainketa batzuk. Zumetak hain bereak zituen koloreek -gorria, urdina, horia- beren bizitasuna berreskuratu dute. Pozik dago Usoa Zumeta artelanak Mikel Laboa Plazan duen itxura ikusita. Hori islatuz, «Guk osatu, denon artean zaindu» irakur daiteke Sutegin ongietorria egiten duen kartel handian. Horma-irudiaren argazki batez lagunduta dago. Apenas dago ezer idatzia 70eko hamarkadako proiektuaren inguruan. «Garai hartan ez zen ez ospakizunik ez inaugurazio ekitaldirik egin. Orain arte eraiki gabe zegoen errelatoa sortu nahi izan dugu. Sortze prozesua nolakoa izan zen, nondik zetorren... testuinguruan jarri nahi izan dugu», esan du Usoa Zumetak. Aspalditik zebilkion buruan antzeko zerbait egitea Usoa Zumetari. Duela bi urte abiatu zen. «Urtemuga iristear zela-eta proiektuari forma ematen hasi nintzaion. Ikerketa modu serioan duela bi urte hartu nuen», gogoratu du. Duela urtebete Mikel Onandia batu zitzaion. «Kutsu akademikoagoa eman dio eta interesgarria izan da elkarlana», gaineratu du. Lortutako informazioarekin eta dokumentazioarekin errelatoa osatu du Onandiak. Eta Ismael Manterola Arte Ederren fakultateko dekano eta Zeramikaren Masterreko buruak testuinguru historikoa zehaztu du. Guztia katalogoan bildu dute. Ez da erakusketaren lanen ohiko zerrenda, liburu itxura hartu duen argitalpena baizik. Dena koordinatu, materiala bildu, erakusketa antolatu eta katalogoa -liburu bihurtu dena- osatzeaz arduratu da Usoa Zumeta. Aitaren ondare artistikoa babestu eta zabaltzearen ardura hartu zuen duela urte batzuk. Azken proiektu honetan egindako bidea polita izan da berarentzat. «Gozatzen ari naiz, gauza politak deskubritzen joan garelako, eta pozik nago, babesa izan dudalako alde guztietatik. Egin beharreko zerbait zen. Nire papera orain proiektuak aktibatzea da eta horretan nabil azken urteotan». EZUSTE ATSEGINAK Ezustekorik ez da falta izan; familiak jatorrizko bozetoa berreskuratzea, horien artean. Olioa estreinakoz ikusteko aukera izango da erakusketan. «Jatorrizko irudia ez nuen ezagutzen, ez nuen sekula ikusi. Sorpresa handia izan da BBK Fundazioaren bilduman aurkitzea. Miguel Zugazak [Arte Eder Museoko zuzendaria] eman zidan horren berri duela bi urte», dio. Joan den ostegunean iritsi zen Usurbilera. «Lehen aldiz duela sei hilabete ikusi nuen. Herrira ekartzea izugarrizko emozioa izan da», kontatu du. Horma-irudiari jarri dio fokua ikerketak, baina ez da elementu bakarra. Usurbildar artistak eskulturarekiko zuen grina ere islatzen du; horren lekuko, bisitariak aurkituko dituen bustoak. Bitxikerien artean, Zumetak garai bertsuan eginiko pieza bat jarri dute ikusgai bitrinan. Pipa da. Buztinez egina, ez dakigu erretzeko balio duen baina erabilita dago. Eskuz heltzen den tokian zer aurkituko eta Zumetaren autorretratua. «Duela bi asteko aurkikuntza izan da! Oso gauza politak dira eta oraindik ere sorpresa asko daude», adierazi dio GARAri Zumetak. Umetako oroitzapenak piztu zaizkio. «Gu txikiak ginela etxean pipa asko zeuden. Batzuk esmaltatuak, besteak ez. Hau bilduma partikular batekoa da eta ez dut sekula ikusi», azaldu du. Aitaren artxiboa txukuntzen ari zela, beste aurkikuntza bat egin zuen. «Proiektua erakusten duen diapositiba txiki bat da. Koadro originala eta aurrealdean, eskala lantzeko, errekorte batzuk, figura txiki batzuekin». Garai hartan landutako zeramikak bildu ditu familiaren etxean bertan. Liburuak ere bai. «Zeramikaz berak ez zeukan arrastorik proiektu hau abiatu aurretik eta zein liburutan oinarritu zen ikus daiteke», zehaztu du. Artxiboa zein egoeratan zegoen galdetuta, hauxe erantzuna: «Berari momentukoa interesatzen zitzaion. Batzuk badira gerora izan dezakeen transzendentziaren jakitun direnak, eta edozein papertxo gordetzen dutenak, baina aita ez. Momentuan momentukoa, inongo ordenarik eta katalogaziorik gabe. Beti esaten dut izaerak direla». Artelanak, nola ez bada, nortasunaren isla dira. «Aitak dena txukun-txukun mantendu behar izan balu, ezer zikindu gabe, ez zukeen berak egiten zuen bezala margotuko», azpimarratu du. IRUDIETAN JASOA Kontakizuna eraikitzerakoan erabakigarria izan da Antton Elizegi. Zumetaren balentriaren lekuko zuzena izan zen, dokumentazio lan handia eginez. «Murala aurrera zihoan heinean ikusi zuen lan itzela egitera zihoala; bakarrik, gainera. Lan titanikoa iruditu zitzaion Elizegiri. Aitak urtebetez jardungo zuenez, prozesu osoa argazkietan jasotzea pentsatu zuen. Erabilitako teknikaren pauso guztiak jasota daude zuri beltzezko irudietan. Horrek eman digu informazio gehiena». Donostiako San Telmo Museoaren jabetzakoak dira argazkiak eta Leopoldo Zugazak argitaratzen zuen “Gaiak” aldizkarian ikusi zuten argia 1975ean. Baina gehienak ezezagunak dira. «Orain arte oso pertsona gutxik ikusi dituzte eta ez da aukera egon ikuspegi orokorra izateko. Badira tartean batzuk ezagunagoak direnak, baina sekuentzia osoa ikusteko aukera ez da izan», nabarmendu du. Garai hartan Zumetak lantzen zuen margo abstraktuaren isla da horma-irudia. «Buztinak bolumena lantzeko aukera eman zion; horregatik dago erliebea», dio. Bat baino gehiago ditu Jose Luis Zumetak obra esanguratsuak eta Euskal Herriko iruditerian presente daudenak. Horien artean berezia da murala. «Obra publikoa da, eta berak ez du horrelako hainbeste. Eta daukan dimentsioagatik ere bai, kontuan izanik berarentzat material berria zela buztina; erronka handia izan zen», aitortu du. Esperimentazioa etengabekoa izan zen. Une zailak ere pasatu zituen artistak, bilatzen zuena gauzatzea lortuko ez zuenaren beldur. HERRIARENA Egilearekin batera, herritarrek ere beraiena sentitu dute orduz geroztik murala. «Herriaren irudia izan da ia-ia», dio Usoa Zumetak. Maiatzaren 1ean bisita gidatuko du Usoa Zumetak -erakusketa itxita egongo da-. «Erakusketa eta murala bisitatuko ditugu eta hainbat xehetasun kontatuko ditut. Baita kontserbazio lana nola joan den eta zein erabaki hartu diren ere». Haren sorkuntza lanak ikusteaz gain, Zumetaren ahotsa entzun daiteke erakusketan. 2016an Keixetak egindako grabazioa da, sortze prozesua jasotzen duena. «Keixeta zeramikako irakaslea da eta murala ikustera ekarri nahi zituen ikasleak. Proiektuaren inguruan informazio askorik ez zegoenez, aitari elkarrizketa egin eta grabatzea pentsatu zuen. Lagun arteko elkarrizketa da. Aita hil zenean eman zidan. Ez genekien gero zer garrantzia izango zuen, bere testigantza zuzena da». JATORRIZKO OLIOA Jatorrizko irudia ostegunean iritsi zen Usurbilera. «Lehen aldiz duela sei hilabete ikusi nuen. Herrira ekartzea izugarrizko emozioa izan da», kontatu du Usoa Zumetak. DOKUMENTAZIOA«Murala aurrera zihoan heinean ikusi zuen Antton Elizegik aita lan itzela egitera zihoala; bakarrik, gainera. Lan titanikoa iruditu zitzaion. Aitak urtebetez jardungo zuenez, prozesu osoa argazkietan jasotzea pentsatu zuen. Eta proiektuan erabilitako teknikaren pauso guztiak jasota daude. Horrek eman digu informazio gehiena» BISITA GIDATUAMaiatzaren 1ean bisita gidatua egingo da Usoa Zumetak gidatuta. «Erakusketa eta murala bisitatuko ditugu eta hainbat xehetasun kontatuko ditut. Kontserbazio lana nola joan den eta zein erabaki hartu diren azalduko dut»