GARA Euskal Herriko egunkaria

Abizenak


Ikasturte amaierako proiektu gisa, bere abizena ardatz duen podcast-a bidali du jatorriz italiarra den ikasle batek. Zenbait hipotesi botatzen ditu abizenetik aldaturiko bokal eta kontsonanteen gainean, eta aitortzen du hori baino ez direla, hipotesiak, ez baitaki ez nork ez noiz aldatuak izan diren. Nire susmoa da Ellis uhartetik igarotako lehen senide hari egokitu zitzaion immigrazio agentearen obra direla aldaketok. Ingeles gramatika eta ahoskerara egokituriko abizena jaio zen immigrantearen eta AEBen arteko enkontrutik. Lau belaunaldi geroago, italiar jatorria apalduz joan da amerikar bilakatzearen beharraz eta ondorioz.

Abizenak ditu hizpide, halaber, Columbiako unibertsitateko eslaviar ikasketen sailak Errusia eta Ukrainaren arteko historia gatazkatsuaren gainean antolaturiko mahai-inguruko partaideetako batek.

Kontatzen du unibertsitatean lanpostua lortu berritan lankide batek bere abizenaren etimologiaren gainean galdetu ziola. Ukraineraz zer adierazi nahi duen azaltzen ari zitzaiola moztu egin zion lankideak eta jarraian abizenak errusiarra izan behar duela bota zion, ahoskeratik hasita. Errusiar kolonialismoaren hedaduraren adibidetzat jo zuen hizlariak lankidearen jarrera; Errusiakoa izan ez eta, hala ere, bere eginda zituen menperaturiko lurraldeetan Errusiak ezarritako kultur kodeak.