GARA Euskal Herriko egunkaria
ANTXOAREN ETA BERDELAREN KANPAINAK

Iaz baino 2 milioi kilo antxoa gehiago heldu da Bizkai eta Gipuzkoara

Iazko 3,9 milioi kiloen aldean, aurten ia 6 milioi kilo antxoa deskargatu dituzte Bizkai eta Gipuzkoako portuetan, Lakuako Gobernuak argitaratu berri dituen datuen arabera. Berdelari dagokionez, 11,6 milioi kilo heldu dira portuotara, baina batez beste iaz baino merkeago. Bide batez, orain berdela eusko labelduna izan daitekeela gogorarazi zuten.

Getarian aurkeztu zituen Lakuak antxoaren eta berdelaren kanpainen behin-behineko datuak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Maiatzaren 1ean bildutako datuen arabera, Bizkai eta Gipuzkoako portuetan deskargatutako antxoa kantitatea 5.926.506 kilokoa izan da, batez beste 1,89 euroko prezioan. Horretaz gain, 11.625.796 kilo berdel deskargatu dira, batez beste kiloko 1,05 euroko prezioan.

Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz atzo Antxoa Eguneko ekitaldien buru izan zen, Getarian, eta antxoaren eta berdelaren arrantzari buruzko datuak aurkeztu zituen. Berarekin batera Getariako alkate Haritz Alberdi, Lakuako Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkue, Getariako Kofradiako presidente Emeterio Urresti eta Bizkaiko Kofradietako presidente Eusebio Arantzamendi izan ziren.

Ia sei milioi kilo antxoatik 3.241.124 Bizkaiko eta Gipuzkoako flotak deskargatu ditu, kiloko 1,97 euroko batez besteko prezioan, eta guztira 6.377.612,23 euro fakturatu dira. Gipuzkoako portuek (Getaria, Pasaia eta Hondarribia) 2.672.528 kiloko deskarga kontabilizatu dute, kiloko 1,92 euroko batez besteko prezioan. Bizkaian (Bermeo, Ondarroa eta Santurtzi) deskarga 3.250.000 kilo ingurukoa izan da, kiloko 1,87 euroko batez besteko prezioan.

BERDELA, MERKEAGO

Berdelaren arrantzaldiari dagokionez, portu hauetan hilabete hasierara arte deskargatutako kilo kopurua guztira 11.625.796koa izan da, kiloko 1,05 euroko batez besteko prezioan. Horietatik Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzien harrapaketak 7.424.392 kilokoak izan dira, kiloko 0,99 euroko prezioan, eta guztira 7.424.392 euroko fakturazioa izan da.

Getaria, Pasaia eta Hondarribiko portuek 3.794.825 kiloko deskarga izan dute, eta batez besteko prezioa kiloko 0,88 eurokoa izan da. Bizkaian 3.700.000 kilo inguruko deskarga egin da, eta batez besteko prezioa kiloko 1,11 eurokoa izan da.

Bittor Orozek esan zuenez, berdelaren egungo kostera «erritmo onean doa aurrera eta amaierara iristen ari da»; hala ere, «berdelaren kuota, 10.729.153 kilo, arrantzatzen duten flota moten artean banatzen dela kontuan hartuta, balantzea desberdina da harrapaketei dagokienez, eta batez besteko prezioa, iazkoaren aldean, baxuagoa izaten ari da, iaz batez besteko prezioa kiloko 1,42 eurora iritsi baitzen».

EUSKO LABEL

Sailburuordeak gogorarazi zuen aurten berdelak Eusko Labela duten produktuekin bat egin duela, «euskal flotaren itsasontziek gure kostaldean berdelaren freskotasuna, tamaina eta zaporea bermatzeko kalitate-ziurtagiri gisa». Gainera, eusko labeldun antxoaren ondoz ondoko hirugarren urtea izan da aurtengoa.

Horrekin batera, ondorengoa ere zehaztu zuen: «Eusko Label bereizgarria soilik lortzen dute Euskadiko portuetan enkantean jarritako aleek, baldin eta ezarritako gutxieneko tamaina gainditzen badute eta eskatutako kalitate-baldintzak betetzen badituzte», eta, gainera, horiek «Euskadiko flotaren ontzi baimenduek arrantzatu behar dituzte, arrantza-tresna tradizionalekin baxurako arrantzan aritzen badira.

Beste produktuen artean identifikatzeko, Eusko Labela duten berdel eta antxoa kutxak desberdintzen dituen etiketa zenbakitu batekin bereizten dira, eguna eta salmenta-portua zehaztuta dakartzana.