GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Puntu-puntuan egon gabe irabazteko ahalmena garatu du Joseba Ezkurdiak

6-0 aurreratuta, partidaren hasieratik hartu zuen markagailuan agintea arbizuarrak eta, Peio Etxeberriak fisikoki muturrera eraman bazuen ere, aurkaria frontisetik urrun mantenduta, abantaila hori ondo kudeatuta, finalerdietan da beste urte batez.

Joseba Ezkurdiak maiz erakutsi zion bizkarra Peio Etxeberriari. (Iñigo URIZ | FOKU)

Txapelketa hasterako pilatutako eta Darioren aurka biderkatutako zalantza piloa uxatzerik lortu ez badu ere, Joseba Ezkurdiak beste urte batez Buruz Buruko lau onenetan sartzea lortu zuen, Peio Etxeberriari eskakizun fisiko handiko partidan 22-15 gailenduta. Sarri arbizuarraren termometrorik onena ezker gantxoa dela esaten badugu ere, pilota gurutzatzen asmatzen duen egunetan dela benetan arriskutsua arbizuarra, atzo bi tanto baino ez zituen lortu airez. Fisikoki ere «hilda» amaitu zuela onartu zuen eta telebistako aurkezleari «zahartuta» dagoela aitortu zion. Hala ere, Aspeko pilotaririk beteranoena izateak ere dena txarra ez duenez, azkenerako garatu duen lehiakortasunari esker kirolari denek nahi duten dohain bat lortu du arbizuarrak, puntu-puntuan egon gabe ere lehen mailako konpromisoak aurrera eramateko gaitasuna.

Hemendik bi astera finalerdietan aurkari izango duen Jokin Altuna, Labriten bertan, gainditu ahal izateko, aurretik aipatutako guztiak hobetu beharko ditu Ezkurdiak; sakearekin askoz gehiago asmatu beharko du, hankaz ere beste bizkortasun bat erakutsi beharko du, pilotari beste inertzia batekin jo ahal izateko, baina Binakakoan horren apal aritu eta gero, berriz ere lehiakor sentitzea gauza handia da aurrelari nafarrarentzat eta, galtzeko ezer askorik gabe, detaileak limurtzen jarraituz gero, amezketarrarentzat ere aurkari deserosoa izan daiteke, nahiz eta oraindik sekula ez den gai izan Altuna III.ari kantxa osoan partida bat irabazteko.

Antzeko zerbait gertatzen zitzaion Peio Etxeberriari Joseba Ezkurdia lagunarekin ere kaiolan jokatutako partidetan, eta Banakakoan ere berdin jarraituko du. Partidako une askotan aurkaria baino hobea izan zen ultzamarra, berak jarritako erritmo bizian itota izan zuen entrenamenduetako kidea, baina unerik erabakigarrienetan ez zuen jokoan zen alde hori markagailura islatzen eta bere txapelketa bikaina final-laurdenetan amaitu zen.

HASIERATIK AURRETIK

Bi sakatzaile on izanagatik, bietako inork ez zuen aurkaria gehiegi zigortu lehen pilotakadarekin eta, hala, txapak lehen sakea Zenotzekoari eman bazion ere, 26 pilotakada gurutzatu zituzten tanto luze baten ondoren, Peio Etxeberriak txapapera botatako pilota baten ostean, Ezkurdiak azkar hartu zuen markagailuaren agintea. Ideiak garbi zituela irten zen arbizuarra kantxara eta, ultzamarrari botez eta eskuinez jokaraziz, berehala egin zuen sei tantoko aldea (6-0).

Halako partidetan ondo hasteak asko balio izaten du, baina Peio Etxeberriak, ordea, erakutsia du dagoeneko ez dela partidetatik horren erraz erortzen, eta, atsedenaldia une egokian eskatuta, laster gerturatu zitzaion markagailuan (6-4). Boleaz aritu zen bereziki egoki ultzamarra eta partida luzatzeko asmoa gauzatuz joan zen pixkanaka.

KAIOLATIK IHES

Orain artean kaiolan aritu izan da erosoen Joseba Ezkurdia, Peio Etxeberriari berari Lau eta Erdiko bi kanporaketa irabaziak zizkion, baina motzean jokatuta birikek eutsiko ez zioten beldur, partida frontisetik urruntzeko hautua hartu zuen sakandarrak. Hasierako partean sotamanoz min egin zion eta, sekula pilotari luzea izan ez den arren, pilota atzeratuz eta, bereziki, baztertuz, lortu zuen Ezkurdiak bere ikaslearen saretik alde egiten. Azkenerako zazpi tanto apuntatu genizkion atzean eginak.

Horrela lortu zuen beste behin markagailuan alde egitea (11-5), baina bigarren ihesaldi horrek ere ez zuen Peio Etxeberria bere bidetik atera. Zenotzekoak erakutsia zuen Darioren aurkako Azkoitikoan partidak luzatzeak ez duela beldurtzen eta berriz ere erritmoa bizkortu zuen, berriz ere bi tantora gerturatzea lortzeko (13-11). Birritan gerturatu zitzaion gaztea beteranoari, baina unerik desegokienean egindako akatsak larrutik ordaindu zituen Etxeberriak.

Larrien zegoenean haizea eman zion eta Ezkurdia ez zegoen barkatzeko. Fisikoki hustuta egonagatik, gauzak zuzen egiten asmatu zuen. Zabalean botatako dejada ikusgarri bat kenduta, arrisku gutxi hartu zituen kaiolako txapeldunak eta, Peio Etxeberriak beste susperralditxo bat izan bazuen ere, pilatutako abantaila ondo kudeatu ahal izan zuen Joseba Ezkurdiak.

Bidean sentsazioak onenak izan ez badira ere, Gesaltza Añanan txapelketa aurkeztu zen egunean sinatuko zukeen lekuan da Joseba Ezkurdia eta, helburu guztiak beteta, Altunari beldurrik gabe jokatzeko moduan da.