GARA Euskal Herriko egunkaria

Gutuna 2


Zu elorri zuriaren lau adaxka eskuetan dituzula ikusten zaitut, Azkorteko ermitara bidean, han elorriak bedeinkatu ondoan auzoko eta beste auzoetako baserritarrekin basoerdi bat partekatzeko tertulia goxoan. Oroitzen dut erran zenidala ni jaio eta gutxira egin zutela ermita, aurretik bazela beste bat harrobi gainean, baina hura ustiatzen zutenek eta, nola ez, diktadorearen zerbitzura zeuden agintariek ez zutela behar bezala zaindu, erori egin zela. Zenbat tokitan gauza bera! Txirritaren sententzia: «Artzai tontuak dian mendian ondo bizi da otsua». Tontoa zein eta otsoa nor, hori baizik ez da jakin behar. Elorriyatik baserrira ailegatu bezain laster, elorri adaxka bakoitzari ebaki bat egiten zeniola gogoratzen dut, apirilean bedeinkatutako erramu zatia barnean sartzen zeniola bakoitzari, maiatz aroan soroan ereindakoa babesteko lau iskinetan sartuz. «Maiatz infernu, ekain-uztail zeru» esaera horri lotzen zitzaiola, entzun dudan aldiko horrekin lotu dut. Auskalo, jakinduria urria dut nik zurekin alderatuta. Zenbat zenekien lurraz, naturaz, eta jendeaz ohartu naizela aitortzen dizut, bizidunek ohitura dugun lez, hildakoei losintxak egitea errazago zaigun bizimodu serio-demonio aspergarrian. Baina gu ere hostoerorkorrak gara eta horrek apalduko gaitu lurrean, beharrik dena badoala, igandea bezala astelehena, trumoiaren ondotik tximista, hazitik lorea eta sorotik bizitza. Demagun gaur hau leitzen duzula; bihar niri idatziko didatela.