GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskararen aurkako epai judizialak salatzeko manifestazioa, azaroaren 4an

Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Azken boladan euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko neurri eta politikak kolokan jarri dituzten sententziak salatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin zuen atzo Bilbon, ehundik gora norbanakorekin eta gizarte eragileen ordezkariekin: abokatuak eta legelariak, kazetariak, akademikoak, euskalgintzako kideak, sindikatuetako ordezkariak...

«Epaitik epaira kezka larritzen ari zaigu gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa. Oldarraldi honen agerpen mediatikoak eta politikoak aspalditik ezagunak bazaizkigu ere, azken aldian gordintzen ari dira, bereziki, alor judizialean», deitoratu zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak.

Gogoratu zuenez, Erandiokoa izan da, momentuz, azken epaia. Behin-behinean lanean ari zen udaltzain batek euskara jakiteko derrigortasuna atzera bota du Bilboko epaitegiak. Uliazpi Fundazioaren lan deialdiaren aurkako sententzia, errekurrituta dagoena, baliatu dute azken hau justifikatzeko. Baina lehenago beste zenbait kasu izan dira, besteak beste, Barakaldokoa, Irungo udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkakoa edota euskara hizkuntza «zailegia» dela baieztatu zuen Laudiokoa.

«Ez dezagun ahaztu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, lau biztanletik hiruk uste dutela euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko. Hots, epaileak hizkuntza politika egiten ari direla, kontsentsu zabalean oinarritutako neurrien eta horretarako eskumena duen botere legegilearen gainetik», salatu zuen Eskisabelek, nabarmenduz epai horiek lotzen dituen haria dela «lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajartzean oinarritutako premisa faltsua».

MOBILIZAZIO SOZIALA «EZINBESTEKOA»

Kezka handiz ikusten dute hiru eremu administratiboetan indartzen ari den joera, eta «larritasun» honen aurrean mobilizazio soziala «ezinbestekoa» dela adierazi zuten. «Gizarte eragileoi dagokigu desadostasuna kalean erakustea. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko. Izan ere, oraintxe bertan auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan», esan zuen Eskisabelek.

Honenbestez, euskararen alde eta herritar guztien hizkuntza eskubideen alde dauden eragileei eta norbanakoei dei egin die azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera.