GARA Euskal Herriko egunkaria
BIZKAIA • NAZIO PROIEKTU ASKATZAILERAKO BIZKAIAN LORTUTAKO BOTOEN PISUA NABARMENDU DU EH BILDUK

Otegi: «Espero ditugun emaitza onek gauza asko esplikatzen dituzte»

Arnaldo Otegi, EH Bilduren koordinatzaile nagusia, atzoko ekitaldian, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hurrengo maiatzaren 28an Bilboko eta Bizkaiko emaitzek duten garrantzia nabarmendu zuen atzo EH Bilduk Bilbon, Plaza Barrian. Maria Del Rio Bilboko alkategaiak, Iker Casanova ahaldungaiak eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak hitza hartu zuten, herrialdeko hainbat hautagairen parte hartzea izan zuen ekitaldi nazionalean. Bizkaiak duen tradizio abertzalea eta ezkertiarra azpimarratu zuten, baita herri mugimenduen ehun aberatsa ere. Korronte hori botoetan gorpuztu dadin, hilaren 28ra arte eta ondoren ere lanean jarraitzeko deia egin zuten, herrialdeko sektore abertzaleak eta ezkertiarrak EH Bilduren alternatibaren alde batze aldera.

«Bere pisu demografiko eta ekonomikoagatik, bere historian ideia abertzalek eta ezkerreko ideiek izan duten indarragatik, Bizkaiak paper zentral bat jokatu behar du euskal proiektu nazionalaren eraikuntzan», adierazi zuen Arnaldo Otegik. Aurreratu zuen hurrengo hauteskunde hauetan «elite ekonomikoek, Estatuko estoldek, Estatu sakonak eta konpartsa lana egiten duten guztiek nahiko lituzketenak baino gehiago» izango direla EH Bilduren aldeko botoak Bizkaian, eta «horrek esplikatzen du gertatzen diren hainbat eta hainbat gauza».

Erantsi zuenez, «bere burua abertzaletzat duen jendeak» fake-en eta gezurren txarrena Euskal Herrira ekartzeak ez du bakarrik debatea degradatzen, «herrialdea hondatzen dute, txikiago eta pobreago egiten dute».

EH Bilduk planteatzen duen soluziobideen debatearen aurrean, «Espainiako politikaren okerrena inportatu» dutela esan zuen koordinatzaile nagusiak, «hemen arduragabekeria osoz eskuin muturraren markoak erosten, horiei bidea ematen eta indartzen. Eta azkenean, eskuin muturrak gure ilegalizazioa eskatzen du. Harria jaurti eta eskua gorde», planteatu zuen.

EH Bilduren aurkako dinamika jarraituz, Madrilen VOX eta beste indar batzuen azken mugimenduei begira, Pepe Mugikaren hitzak gogora ekarri zituen, koalizioak DNAn daraman balioa eta suposatzen duen alternatiba nabarmentzeko: «EH Bildurena izango da ezkerreko boto abertzale antifaxista boteretsuena».

ALDAKETAK, JENDEAREN ALDE

Bizkaian langileen mugimenduak duen tradizio historikoa azpimarratu zuen Iker Casanova ahaldungaiak. Barakaldon 70eko hamarkadaren hasieran jaioa, txikitatik bizitakoak politikan aritzeko izan zen bulkada azaldu zuen, Ezkerraldeak bizi izan duen abandonua, industriaren pisuaren galera eta lan baldintzen prekarizazioa aipatu zituen. Ezagututako errealitate horren eta marraztu nahi den «errealitate birtualaren» aurrean, «txokoen eta txokorren ke arteko politika» atzean utzi eta benetako eraldaketa bat garatzearen premia aipatu zuen.

Gobernatzeko beste modu baten beharra azaldu zuen, «entxufeen eta ate birakarien» eredu horrekin amaitzeko. Lidergo ekonomikoa berreskuratzearen alde agertu zen Ezkerraldeko hautagaia, eta industria aurreratuaren eredu berri baten premia ikusarazi zuen. Munduan gertatzen ari denaren azterketa egoki batekin hasi behar dela eraldaketa adierazi zuen: «Ez da kasualitatea krisi bat bestearen atzean» sortzea. «Ziklo aldaketa baten aurrean gaude, eta horrek bi betebehar dakartza: aldaketa asumitzea eta lideratzea» eta «aldaketa hori jendearen alde jartzea».

Bilbon herri mugimenduek duten indarrari erreparatu zion Maria del Rio alkategaiak. «Lokatzetan nahi gaituzte», baina osatutako taldeaz «oso harro» dagoela baieztatu zuen Del Rio irribarretsu batek, zerrendakideak oholtzara igotzeko eskatuz. Konpartsen ereduaren eta hiriak daukan elkarte-ehun zabalaren aurrean, «aberastasun sozial horri ateak itxi» eta «jendeari eta kolektibo guztiei bizkarra emanda» gobernatu dela salatu zuen. Eta «Bilbo horizontalean eraikitzeko unea» dela defendatu zuen.