GARA Euskal Herriko egunkaria

Urrats blues


Zortzi urte dira B.B. King blues kantari eta gitarra-jotzaile estatubatuarra hil zela; ez da efemerideak buruan dauzkadala, baizik batzuekin tarteka oroitzen naizela, eta Mississippin jaiotako artista handi hau sinpatiko zait Sobietar Batasunean bira egindako lehen blues kantaria izan zela jakin nuenetik. Mugak gainditzeko musika dago. Beti. Jazzaren azpian jartzen zuen bluesa, institutua zela erranaz eta jazza unibertsitatea. Bere esaldi ederra da, bestalde, ikastearen gauza ederrena dela nehork ezin dizula hura kendu. Uste dut horretan gabiltzala denak, bizitzaren bidean ikasten, hezkuntzari helduta, jakina, nehoiz bukatzen ez den bidea bailitzan. Atzo, bidean urratsak egin eta mugak hausteko enbeia zeukan Herri Urratsek, baina aroak ez zion utzi. Musika baliatu zuten, halere, festari nonbaitetik eusteko ahaleginez, urratsak zubi bilakatzeko itxaropenez. Euri uharrak Senperen, baina, herri zahar honen elkartasunak ohitura du uholdeak sortzeko, laguntza ekonomiko formara. Seguru euri mota horrek bustiko duela Seaskaren lurra gaurtik aitzina. Eraikin berriak, irakasleak, edo teknologia beharrezkoak baititu hizkuntzaren gisa hezkuntzaren ofizialtasuna segurtatua ez duen eremu zabalak. Ezen, publiko edo pribatuaren aldekoen iritziak entzun ahal diren garaian, Euskal Herria nazio gisa onartua ez deino, desberdintasunez eta zailtasunez betea egongo da bidea, eta beti eska eta eska ezin da ari, azken bluesa kantatzen duen bakarlari, hobe kantatzen da batera.