GARA Euskal Herriko egunkaria

Xelebre


Ziur aski guztiok jakingo dugu xelebre bat identifikatzen. Euskal Wikipediak argitzen digu xelebre bat zer den: «Jokabide harrigarria eta bitxia duen pertsona da, baina hala eta guztiz ere gizarteak onartu egiten du gehienetan. Maiz, sormen eta adimen mailan aparteko ahalmenak dituen pertsonekin lotu izan den ezaugarria da». Tira, bat etorriko gara ziur aski guztiok. Ahotsak.eus orriak sinonimo pare bat dakar: «Intxantie, piurie eduki». Definizio horren barruan sartzen den bat baino gehiago izango dugu gogoan. Gaztelaniazko parekoa excéntrico dugu, eta Espainiako hizkuntza akademiak ematen duen definizioetako bat deigarria egin zait: ariketa bitxien bitartez efektu komikoak bilatzen dituen zirku artista eta, normalean, hainbat musika tresna jotzen dituena. Horrek beste bide batetik eraman nau; hain zuzen, artista eta sortzaileen gainean Ogasunean dauden Jarduera Ekonomikoen epigrafeetara.

Labur azaltzeko: Artisten eta sortzaileen jarduna jarduera ekonomiko epigrafe batean apuntatu behar da. Kontalariok inexistenteak gara epigrafe horietan, eta hor aritzen gara non apuntatu. Anekdota dirudi, baina arazoak ekarri ohi ditu fiskalitatearekin. Epigrafeen ‘‘excéntrico’’-ren euskarazko itzulpenari esker aukera ikusi dut. Artisten multzoko 016 taldean xelebreak aipatzen dira; xelebreak! Kontalari ordez xelebrea, hau marka. Benetan xelebrea dena, Ogasunarentzat inexistenteak izatea. Nor ote xelebregoa?