GARA Euskal Herriko egunkaria

Eric Dicharryk «Deus» poema liburuarekin itxi du Pamielarekin abiatutako trilogia

«Deus» izena du Dicharryren poema liburu berriak, eta kontzeptu horrekin ibili da jolasean. Norberaren barne munduetan barrena, galdera filosofikoak egin eta erantzun nahian jardun du idazleak. Euskaraz idatzi duen «libururik intimoena» dela azaldu zuen, eta liburua «deklinagarria» izan daitekeela beste arte sorkuntza batzuetara.

Dicharryren eskuetan, «Deus» liburua, Pamielarekin atera berri duen poema bilduma. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Deus eta deus ez» kontzeptuak oinarri hartuta, etengabeko jolasean ibili da Eric Dicharry idazlea ‘Deus’ poesia liburuan. Atzo aurkeztu zuen Donostiako liburutegian Jose Angel Irigaray Pamielako editorearekin batera. Idatzi duen «libururik intimoena» dela aitortu zuen idazleak. Trilogia berean kokatzen dituen “Duchampen inguma” eta “Eros” liburuen ondoren, hirugarrena da argitaratu berri duena.

Irigarayren ustez, «oihan bat gauzatzen» du idazleak, eta uste baino gauza gehiago daudela letren artean azaldu zuen: «Badaude iraultzeko mezuak, gorroto eta maitasun kontuak, baita bere eskarmentuak ere». Liburuaren barne antolamendua zazpi kapitulutan osatuta dago; hala ere, Dicharryk adierazi zuen irakurketa edozein orrialdetatik abiatu daitekeela, «testu bakoitza autonomoa baita».

«Liburuaren abentura argazki batekin hasi zen. Hiroshi Sugimoto argazkilari japoniarrak badu antzoki baten argazki bat. Zuri den zinema pantaila agertzen da, zuritasunak film baten irudi guztiak ditu bere barnean atxikitzen; argazki horretan deusaren deus eza ikusi nuen», azaldu zuen idazleak liburuaren jatorriaren inguruan. Bi kontzepturen artean jolas egiten du: deus eta deus ez. Editoreak eman zuen xehetasuna: «Deus positiboa da, eta deus ez, ezereza baino haratago doana da».

GORPUTZ ADAR MAMUAK ETA TRAUMAK

Zer izaten ahal da deusezaren deusa?, galdetu zuen idazleak; eta adibide batekin erantzun: «Gorputz adar mamuaren adibidea jarriko dut. Kendua den organo bat da, betiko desagertu da organo hori, baina bere sentsazioa beti hor dago, beti bizirik. Hori da deusezaren deusa».

Inoiz euskaraz idatzi duen «libururik intimoena» dela kontatu zuen. «Transgresorea» da idatzi duen liburua, idazlearen arabera: «Bizi izan ditudan traumak sublimatzeko balio izan dit».

POESIA BAINO GEHIAGO

Poemaz poema, hamaika gai landu ditu, eta aurkezpenean zerrendatu zituen horietako batzuk: «Errealitatearen eta fikzioaren tartea, drogazaletasuna, diktadura, iraultza, espetxea, neokolonialismoa, epaiketa morala, Guardia Zibila, euskara eta lengoaiaren muga, memoria kolektiboa, psikiatria, zoriontasuna...». Eta jarraian azaldu zuen poesia sailean kokatu duten arren, saiakera eta narrazio generotik asko duela. Liburua «deklinagarria» dela azaldu zuen Dicharrayk; liburutik abiatuta, liburuaren barnean dauden argazkiekin erakusketak, performanceak, soinu bandak edo beste hamaika artelan sor daitezkeela.