GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Markatutako ibilbideari leialago, bere laugarren finalean da Jokin Altuna

Hasieratik oso deseroso, Joseba Ezkurdiak ez zuen partidan sartzea lortu eta erraztasun handiak eman zizkion bere Buruz Buruko hirugarren txapeletik pauso bakarrera dagoen amezketarrari. Dario eta Aitor Elordik gaur jokatuko dute euren finalerdia.

Erasoan egunik distiratsuena izan ez bazuen ere, garaipen erosoa lortu zuen Jokin Altunak Ezkurdiaren aurka. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Txapelerako bide zuzenik ez dagoen arren, are gutxiago hasi eta buka, dena nahieran joatea salbuespena den Buruz Burukoan, garrantzitsua izaten da bide-orri bat izan eta hari ahalik eta fidelena izatea. Fisikoki arazorik gabe, egun batzuetan ikusleak txundituz eta, atzo bezala, lehiakortasunari eutsiz besteetan, Jokin Altuna aspalditxotik bere buruari ezarritako helburutik pauso bakarrera dago, Joseba Ezkurdiari uste baino errazago gailenduta; bere Manomanistako laugarren finala jokatuko baitu ekainaren 4an, gaur Gasteizen elkarren aurka jokatuko duten Dario edo Aitor Elordiren aurka.

Aurkariei errespeturik galdu gabe, amezketarrak bere hirugarren txapela gertu ikusten duen bitartean, falta zaion bakar hori gero eta urrutiago sentitzen du Joseba Ezkurdiak, beste aukera bati ihes egiten utzita. Binakako kaxkar baten ostean, aurtengo abentura mimoz prestatzen ari zela, azken orduan okertu zitzaion arbizuarrari aurtengorako plana eta ez du ibilbidea birkalkulatzen asmatu.

Peio Etxeberriaren aurka nolabaiteko sendotasuna erakutsi bazuen ere, perfekziotik gertu egon behar zuen egunean, bikaintasunaren antipodetan egon zen sakandarra, partida guztian deseroso, apenas pilota pare bat gozatu gabe eta, okerragoa dena, Altuna gainditzeko beharrezkoa zuen joko oldarkorraren seinalerik erakutsi gabe.

HASIERATIK HAIZEA KONTRA

Txapelketan gertatutakoaren metafora balitz bezala, alde batera erortzea kostatu zitzaion txapak Altunari eman zion lehen sakea, lehen erantzunak ere gora egin zion ihes eta hasiera-hasieratik korrontearen aurka egin behar izan zuen igerian, nora joan nahi zuen oso ondo jakin gabe gainera.

Eta hori, kontuan hartuta Altunak ere ez zuela erakutsi aurreko asteetako argitasun eta eraginkortasuna. Txapelketaren une honetan, kantxan parean aurkari bakarra izanagatik, barruko mamuekin ere lehiatu behar izaten da sarri eta batari nola besteari agertu zitzaizkien, bakoitzari bereak, lepo bete zen Labriten.

Bere buruari txapelaren helburua horren argi ipinita, Jokin Altunari tentsioa zenbait detailetan igarri zitzaion; esaterako, hasieran gurutzatu ez zituen sakeetan, normalean huts egiten ez dituen aukera-aukerako hiru tanto galduz -sake-errematea kanpora botaz 6-12koan, dejada bat txapapera botaz 7-14koan eta partida amaitzeko izan zuen bi paretakoa behera botaz- edo airez tanto bakarra amaituta, baina hasierako planari leial, egin beharrekoak argi izan zituen, behintzat.

Barneko beldur horiek uxatzen beste bizkortasun batez, azkar hasi zen amezketarra sakeak hobeto gurutzatzen, pilotak aurkariak baino luzeago ipiniz edo sotamanoz sakandarra gaindituz; hitz batean esanda, Ezkurdia alderik alde mugituz eta nafarrak lehendik zuen deserosotasuna areagotuz.

Egungo txapeldunordea, ordea, iparrorratzik gabe aritu zen partida osoan, behar zuen joko oldarkorraren inolako arrastorik gabe. Piloteoan agintzeko izan zituen aukera urrietan batere argitasunik gabe, sakea izan zuen, eta ez beti, ia arma bakarra Joseba Ezkurdiak. Lehen pilotakada bere eskuetan zuela, hiru tantokoa izan zen - 2-10tik 5-10era- bere takadarik handiena eta horrela ezinezkoa da Jokin Altunari irabaztea, nahiz eta amezketarrak ere izan dituen, urrutiegira joan gabe, egun hobeak.

Esperotako lehiakortasun hori gabe, finalerdi txikia izan zen atzokoa Labriten, sortutako ikusminetik oso urrun geratu zena, baina Jokin Altuna lortzen ari denari inolako meriturik kentzen ez diona. Txapelketa guztietan izaten omen da egun txar bat eta berea atzoko gaitasunarekin gainditu bazuen...