2023 MAI. 26 AZKEN PUNTUA Ekaitz erauntsia Iker IBARLUZEA Meteorologoa Ezustean harrapatuko zituen Ereñozuko eta Aranoko biztanleak, larunbat goizaldean izan zen ekaitz erauntsiak. Hiru ordu eskasean 240 litro metro karratuko, alajaina, Añarbeko urtegian. Beldurgarria. Beste datu bat eranstearren, Bera herrian, hamar minutuan metro karratuko 22 litro pilatu ziren. Uholde erauntsi baten neurriko zaparrada. Baina, espero al zen halakorik? Erantzuna zuzen eta zehatza da: ez. Bezperan, eredu meteorologiko nagusiek ostiraletik larunbaterako gauean eta, batez ere, larunbat goizaldean ekaitz zaparradak iragartzen zituzten, baina gehienez 50-60 litro erortzea espero zuten, ez 90-120 bitartean, leku askotan bezala. Añarbe inguruan eman zena oso berezia izan zen. Lehen 3.000 metroetan airea hezetasunez saturatuta zegoen eta, airea bera ezegonkor zegoenez, saturazio hori bera baliatu zuen ekaitzak garatu eta orduetan eta orduetan euria bota eta bota jarduteko. Ekaitza ia leku berean berrelikatzen zen eta, desoreka orekatu zen artean, ez zuen atertu. Oso zaila da egoera hauek aurreikustea. Azken finean atmosfera kaotikoa da eta eguraldiak nahi duena egiten du. Gure aldetik, akatsetatik ikasi eta hobetzen saiatu; nahiz eta kontziente izan behar dugun gizakiak garela eta ezingo dugula %100ean beti asmatu.