GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Bitartean, zer?


Hauteskunde garaiaren oso zalea naiz. Azken bi asteotan sutsuki segitu dut kanpaina, elkarrizketa asko irakurri ditut eta telebistako debateak ere ikusi ditut. Beharbada, batzuek pentsatuko dute gehiegizkoa dela? Agian, baina bozkatzea benetan garrantzitsua iruditzen zait lau urtean behin ez hunkitzeko (eta bai, «morbo» kutsu bat dago korapilo mediatiko honetan).

Baina bitartean, zer? Munduak aitzina segitzen zuen, eta Euskal Herri edota Espainiatik kanpo begiratu ez duzuenontzat, horra hor albisteen zaldiko-maldiko bat, bertze zeruertzei so egiteko: Erdogan hautatu dute turkiarrek; Italiako kostazainek 1.000 migrante inguru erreskatatu dituzte Sizilia aldean; Ugandan delitu bihurtu dute LGTBI kolektiboko kide izatea; NBEren arabera, munduko herritarren %10 goseak jota lotaratu ziren egunero; Israelen, “Banderen Martxa” egin dute arabiarren aurka; 1.500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte manifestazio ekologista batean Herbehereetan; 20.000 lagun ebakuatu zituzten Italian, uholdeengatik; Guyanan, 19 gazte hil dira eskola bateko sutean.

Eta igandean bertan emakume bat erail zuten Gasteizen.

Beraz, bai, bestondo emozionala izateko mila motibo badugu, baina dena ez da hautetsontzien errua.