GARA Euskal Herriko egunkaria

Argi naturala lagun, «kopiak» bildu ditu Julia Spinolak Artiumen

Julia Spinola artista madrildarraren «Persona, foto, copia» erakusketa ikusgai dago Gasteizko Artium museoan abenduaren 10era arte. Bere burua eta beste artista batzuk «kopiatu», hau da, errepikatu ditu, pertsona zer izan daitekeen gogoeta egitearren. Lanak ikusi eta hautemateko modu desberdinak eskaintzeko, argi artifiziala alde batera utzi eta museoaren idi-begietatik sartzen denak baino ez du erakusteka argiztatzen.

Julia Spinola, «Silex Margiela» obrari begira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Argia eta honen gabezia dira Julia Spinolak Gasteizko Artiumera ekarri berri duen erakusketaren protagonistak. ‘‘Persona, foto, copia’’ osatzen duten lanak argi naturalak baino ez ditu argiztatzen, beste elementu batzuen kopien bitartez eginda daude eta artista madrildarrak bere buruari pertsona izatea zer den galdetu zionean jaio ziren.

Argiak izenburuko ‘‘foto’’ hitza ordezkatzen du. Spinolak erakusketaren aurkezpenean azaldu duenez, gelara sartzen den argia aprobetxatzeak orduaren arabera eta urtearen garaiaren arabera «erakusketa desberdinak» bisitatu ahal izatea ahalbidetzen du, «denbora guztian aldatzen delako».

‘‘Persona’’, pertsonaren inguruko hausnarketa delako: pertsona nor den eta ze izaki izan daitekeen . Honen adibidea da ‘‘Silex Margiela’’ pieza. Fotogrametria izeneko teknika erabiliz silex gezi bat errepikatu du, pertsona baten tamainan. Artistak atzo azaldu zuenez, «obra pertsona baten ondoan ikusiz gero, silexa pertsonifika daiteke.

‘‘Copia’’ hitza erakusketaren izenburuan dago, bere burua eta beste artista batzuk kopiatu dituelako. Aldi berean, kizkur bat bezalako elementuak hiru dimentsiotan eskaneatu eta errepikatu dituelako eta bilketa bat egin duelako, ‘‘acopio’’, gaztelaniaz.

Catalina Lozano komisarioaren ustez, erakusketa hau bisitatzea «esperientzia oso berezia da». Hamar urte baino gehiagoko lana hartzen duela nabarmendu zuen, batzuk Artiumerako bereziki egindakoak diren arren. Argiztapen artifizialik ez dagoenez, «begiak ohitura hartu behar duela» azaldu zuen, honek ere lanak hautemateko modua baldintzatzen duelakoan.

Spinolaren lan ezagunen artean daude ‘‘Un zurdo y un diestro, y un zurdo y un diestro cajas’’ (2014) -Reina Sofia Museoaren bildumakoa-, ‘‘Vis (I)’’ eta ‘‘Vis (II)’’ (2020), ‘‘Frase (objeto)’’, ‘‘BOCA’’ (2013-2018) eta ‘‘Philip’’ (2023). Erakusketa honetarako egindakoen artean, ‘‘Silex 1’’, ‘‘Cantaro’’, ‘‘F’’, ‘‘Watana I’’ eta ‘‘Watana II’’ daude. Era berean, ‘‘Rojamente’’ (2020-2023) serigrafia saila ere ikusgai dago eskulturekin batera.

«LOTURA MEKANIKOAK»

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak ekintzak, tailerrak, performanceak eta kontzertu bat ere eskainiko ditu ekainean eta uztailan. Beatriz Herraez museoko zuzendariak azaldu zuenez, ‘‘Lotura mekanikoak’’ zikloak «museoaren espazioa eta bertan eraikitzen diren harremanak pentsatu nahi ditu, zenbait praktikaren bidez eraikinaren barrualdearen eta kanpoaldearen arteko porositate uneak sortuz».

Yael Davidsek, Les Reines Prochainesek, Erick Beltranek, Jeremiah Dayk, Jon Mikel Eubak, Garazi Navasek, Naomi Rincon Gallardok, Tripak taldeak, Amaia Urrak eta Sus Zwick & Muda Mathisek parte hartuko dute hilak 10etik uztailaren 30era bitarteko agendan.