GARA Euskal Herriko egunkaria

Bakeatea


Kosta egiten zait ate baten aitzinean jarri eta bestaldean zer dagoen imajinatzea. Uste dut institutuko arte irakaslea izan zela ateek kuriositatea eta beldurra sortzeko gaitasuna zutela erran zidana, pertsona ausartek, beti gehiago jakin nahi zutenek, mundu berri bat ikuskatzen zutela ate bakoitzaren gibelean, eta hura lehenbailehen irekitzea baizik ez zutela buruan; alta, beldurtiek, gauzak gehixeago neurtzen zituztenek, ezustekorik maite ez edo, eta interesik ez zutenek haren aitzinetik lehenbailehen kentzea baino ez zutela desio. Kosta egin zait bi bandoetarik bat hautatzea, hargatik sinisten dut bi aukeraz gain beste bat izaten dela hor nonbait, linboan galdua, norbaitek aurkitu zain. Normaren maitaleentzat, ordea, ate bakarra zerua, eta haren zaindari Jondoni Petri. Jean Barbier «Nehor» leitu dut, «Espainiako bakeaz» mintzo, kantikaz gain poesiazko pasarteak utzi zizkigun apaiza. Espainian zerbitzari zebilela, herri ttipi bateko buruzagiak lau gauza eskatu omen zizkion zeruko ateen giltzaria bihurtuko zenari, honek, bere jaunari mezua pasa ziezaion: ogia, haragia, arnoa eta bakea. Jondoniren jaunak, ordea, ez zion eskatutakoari men egin, lau gauzak ez zirelako elkargarriak; ogia, haragia eta arnoa bai, baina bakea ez. Honela, lehen hirurak eman zizkien, baina azkena ez. Harrezkero ez omen da bakerik Espainian. Beharbada, horregatik da besteek ere ez gaituztela bakean uzten, historian barna munduko herrialde askori ez diotela bakerik eman. Ez dutelako.